GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Teknologia berrietan jarri behar dira ezinbestean buru-gogoak

Internet paperezko ediziorik gabe...Ikusteko dago; baina, paperezko edizioak huts-hutsean etorkizunik ez. Horixe Informatikari Euskaldunen VII. Bilkuraren baitan egin zen mahai inguruko ondorio garbiena. Eztabaidan, berriz, komunikabideek teknologia berrietara garaiz edota jada berandu egin ote duten. Horretan orotariko iritziak plazaratu ziren, eztabaida piztua sortuz.

p015_f02_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

«Komunikabide idatzien etorkizuna» izenburupean mahai ingurua egin zuten bazkalostean Informatikari Euskaldunen VII. Bilkuran, Donostian. Apal abiatu zen, bazkalosteko nagitasunarekin, baina bero amaitu, batez ere, entzuleetako batzuk «prentsa tradizional» gisa definitu zituzten egunkari eta aldizkariek sarera egindako saltoaren gainean kritiko agertu zirelako. «Beranduegi hasi dira negarrez», aipatu zuen haietako batek, blogariekin elkarlanean jarduteko egunkariek agertu duten interesa «makala» izan dela kritikatzearekin batera.

Beranduegi ala garaiz, idatzizko komunikabideek sarean egoteko egin duten bidearen inguruan, www.kazeta.info eta GAUR8-ren esperientzia azaldu zuen Maite Ubiriak, «Berria» eta «Hitza»rena Iker Balentziagak eta «Argia» aldizkariarena, berriz, Elisabeth Pombok. Guztiek nabarmendu zuten, hasieran idatzizko edizioaren osagarri gisa sortu zen digitalak bere bidetik egin duela aurrera indartsu.

Idatzizko hedabideen erredakzioetan gertatu diren aldaketez jabetzeko urteetan oso atzera joan beharrik ez dagoela esan zuten. 80ko hamarkadan, Maite Ubiriak gogora ekarri zuen bezala, telex-a eta fax-a iraultza izan ziren idazmahaietan. Baina, haiek atzean geratu dira eta sarea da, egun, iraultza eta aldi berean erronka.

Kazetaritza bakarrik ez, mundu mailako komunikazioa «aztoratu» du Internetek; baina, agian, bere eragina nabarmenagoa gertatu da komunikabideen inguruan, nabarmendu zuten moduan, lanbide honen «ezaugarri nagusiak auzitan» jarri dituelako, «paperezko edizioen iraupena eta kazetarien papera» zalantzan jarri dituelako.

Hizlariek bide berriak aztertzeko premian jarri zuten arreta: «Paperak zenbat irauten duen atzerako kontaketan murgildu baino, trantsizio ereduak asmatzea ezinbestekoa da», aipatu zuen Ubiriak; eta Pombok berriz, honako beharra mahaigaineratu zuen: «Papereko edukien kalitatea ahaztu gabe, komunikabide baten etorkizuna ez hipotekatzeko, paperetik at dauden bideak esperimentatu behar ditugu».

Bide horretan, irakurleen herritarren parte hartzea ezinbesteko jo zuen, esaterako, Balentziagak: «Irakurleei produktu informatiboaren lanketa prozesuan parte hartzeko tresna eta bideak eman behar dizkiete komunikabideek».

Belaunadi berriak gainera, «zeharo digitalak» direla azaldu zuen, eta elkarren artean komunikatzeko arestian ezezagunak ziren beste kanal batzuk ere erabiltzen dituztela, azken boladan bolo-bolo dabiltzan sare sozialak kasu. Hortaz, «komunikabideek beren informazioa zabaltzeko eta ahalik eta interesgune gehienetan presente egoteko bideak topatu beharko dituzte».

Arazo handiena, baina, sarean finantziazio bideak lortzean dago. «Interneten eskutik doako kultura hedatu da, eta gizarte mailan ordenagailu eta konexio azkarrak berehala hedatu badira ere, komunikabide handiek Internetera joz aurreikusten zuten negozioa ez da inondik inora agertu», ohartarazi zuen www.kazeta.info egunkari digitaleko arduradunak. Bide horretan, komunikabide «tradizionalek» sakontasunean eta espezialitatean jarri behar dute jomuga, bere ustean; berehalakotasunaren parean, patxadaz egindako informazioan, alegia.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo