GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Buruz Buruko Txapelketa

Miraria lor daitekeela erakutsi nahi du Urberuagak igandean

Bizkaitarrak faboritotzat jotzen du igandean Eibarko Astelenan aurkari izango duen Olaizola II.a, baina Aulestikoa gogotsu aterako da ezustea ematera.

p029_f02_148x104.jpg

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Orain dela aste batzuk Bizkaiko pilotarien lan itzelaz hitz egin genuen. Garai hartan herrialde horretako lau kirolari zeuden Buruz Buruko Txapelketan. Une honetan, aldiz, bakarra geratzen da horietatik bizirik, nolabait esatearren: Xabier Urberuaga.

Igandean Aimar Olaizola izango du aurkari Eibarko Astelena pilotalekuan. Aulestiko atzelariak badaki neurketa zaila izango duela, baina itxaropena galtzen ez den bitartean, ez dago ezer galduta.

Zaleek Olaizola II.a ikusten dute faborito, eta Urberuagak ere hala uste du, baina atzelaria orain arte jokatu dituen bi neurketetan biktima gisa atera da kantxara, eta bietan, Retegi Biren eta Beginoren aurka, garaipena lortu du. «Oraingoan ez dut ezer galtzeko. Berak du irabazteko beharra», nabarmendu zuen atzo material aukeraketan.

Horrez gain, aurtengo txapelketan -bigarren urtea du Lehen Mailako Buruz Burukoan- egindako lanarekin «oso pozik» dagoela adierazi eta honakoa gaineratu zuen: «Aimarri irabaztea mirari bat izango litzateke; niretzat sari handiegia izango litzatekeela esango nuke».

Olaizola II.a, berriz, estreinakoz arituko da igandean aurtengo txapelketan. Faborito ateratzen ohituta dagoela adierazteaz gain, horrek ez duela garaipena ziurtatzen aipatu zuen goizuetarrak. «Izenak ez du balio; pilotari bat handi bihurtzen duena jokoa eta gora iristea da», nabarmendu zuen Asegarceko aurrelariak.

«Urberuaga %100eko errespetua merezi duen pilotaria da, honaino iritsi da-eta», gaineratu zuen aurrelari nafarrak.

Geldialdi luzea

Igandean jokatuko duten norgehiagoka, berez, final-zortzirenetako partida da, baina Abel Barriolak txapelketari agur esan behar izan zion belaunean izandako lesioagatik. Ondorioz, Olaizola II.aren eta Urberuagaren arteko neurketan garailea ateratzen dena final-erdietara pasako da.

«Partidaren atzerapenak bolada ona moztu dit. Atzerapena iragarri ondoren, lehen egunetan erlaxatu egin nintzen, baina azken 10 egun hauetan prestaketa indartu dut, erresistentzia lortu dut, baina txispa pixka bat galdu ere bai. Dena den, ez dago aitzakiarik eta konfiantza badut», aitortu zuen Urberuagak.

Estrategiari dagokionez, bizkaitarrak argi dauka: «Sakearekin pilota ezker hormara gerturatu eta hurrengo pilotakadan aprobetxatzen saiatuko naiz».

Bestalde, materiala badirudi ez dela pilotarientzat oztopo izango, oso gustura geratu baitziren biak. Nafarraren ustez, pilotak «txapelketa honetarako politak dira. Nire pilotak uste dut exijenteagoak direla. Bere materialak, aldiz, bote handiagoa du».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo