Greba, Euskal Herrian soziopolitikoki gauzak hobeto dauden seinale dela esan daiteke
Esanaren esanaz, zenbait diskurtsok egia izango bailiran zabaltzeko gaitasuna dute. Halaxe gertatzen da, adibidez, Euskal Herriko egoera sozioekonomikoaz politikariek duten diskurtso triunfalistarekin. Alegia, datuak partzialki emanez, datu hauei buruzko irakurketak gozatuz eta okerren dauden lurralde eta herrialdeekin konparatuz, Euskal Herrian krisiak ez duela ez horrenbeste ez eta horren gogor jo esaten dabil klase politikoa. Zertara dator, hartara, greba orokorra?
Greba deitu duten sindikatuek, ordea, datuak eskutan eta kaleko jendeak dituen susmoak eta ziurtasunak bilduz, egoera ez dela politikariek irudikatu nahi duten hori baieztatzen dute. ELAk atzo salatu zuenez, beste batzuen ondoan altua den BPGk ez du saihestu azken hiruhilekoan egunero 410 lanpostu galtzea. Alegia, krisia langileen bizkar erori da. LAB, berriz, enplegua erregulatzeko espedienteak jasaten ari diren enpresetako ordezkariekin azaldu zen atzo.
Ondorioz, datuak ikusita, ezin da baieztatu gure egoera ondokoena baino hobea denik. Areago, gure egoera ingurukoena baino hobea dela adierazten duen gauza bakarra sindikatuek egoerari aurre egiteko erakutsi duten irmotasuna da.