GARA > Idatzia > > Kultura

Bilboko zinemaldi fantastikoa

Fantastikoa, zinema generoetan genero

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak, lehiaketaz gain, B Mailako filmak eta maisulan klasikoak eskaini ez ezik, Ambigu jatetxeko Fantmenu, bazkalosteko solasaldi, ezohiko kontzertu eta makina bat ekitaldiren bitartez fantasiaz bete du Bilbo. Funtsa, genero fantastikoa betean edo azaletik ukitzen duten filmak jatorrizko bertsioan aurkeztea badu ere, mundu berriak sortzen dira aretoetatik at.

p034_f01_118x176.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Zuzendaririk gabeko zinemaldia da Fant, baina Octavio Gonzalez dugu bertako programazioaren arduraduna, eta berak azaldu dizkigu jaialdiaren berezitasun eta etorkizuneko erronkak. «Osasuntsu ikusten dut Fant. Agian zertxobait hazi beharko litzateke, baina koskortu bada, azken lauzpabost urteetan izan da, nazioarteko lanak estreinatuz, Fantrobia saria sortuz... egonkortu eta apurka-apurka gora egin du». Etorkizunerako, Gonzalezen ustean, «sari gehiago beharko genituzke, parte hartzaileak motiba daitezen, eta baita bigarren egoitza bat ere -Capitol du orain bakarra-». Azken finean, eta hobetze aldera, «zinemaldia beti aberastu daiteke, eztabaida eta aurkezpen gehiago eginez, eta garrantzitsuena dena, bere bizkarrezurra indartuz».

Kontuak kontu, Fanten 15. edizioa aurrera doa eta gustura dago programatzailea. «Aurten adibidez, pozgarria izan da Sail Ofizialeko lehen emanaldian, aretoa lepo ikustea, kontuan izanda «Absurdistan» pelikula alemaniarra ez dela oso ezaguna eta ez duela komertzialki estreinatzeko aukera handirik izango». Horrek, «Bilbon jaialdiarekiko interesa dagoela erakusten du». Izan ere, «ez dugu publiko zehatz bat, Gore zinema edo beldurrezkoa atsegin duena edo intelektual hutsa dena. Genero fantastikoa oso-oso zabala da eta hemen edonork aurki dezake pelikula interesgarriren bat edo beste», esan digu Gonzalezek publikoaz itaunduta, eta gehiago xaxatuta: «Publiko ikasia, gaztea eta jakin-minduna da nagusi», onartu du.

Aipatu «Absurdistan» filmarekin batera, beste sei dira lehian, saria nork lortuko. Paco Cabezas sevillarraren «Aparecidos» dugu bata, Argentinan girotu tako beldurrezko filma. Cabezas bera ere Bilbon izan genuen herenegun, eta «jende gazteak ikusi nahi duen zinema da guri egitea dagokiguna», esan zuen. «Rumba» frantziar Estatutik dator, eta dantza lehiaketak ditu ardatz. Emmanuelle Beart antzezle nagusi duen «Vinyan» filmak Birmaniara egingo du, tsunami erraldoian galdutako umetxoaren bila, eta egonezina sortuko du ikuslearengan. «Terribly happy», berriz, Danimarkatik Linch eta Coen anaien zinemari emandako erantzuna omen da. «Tokyo!» pelikulak hiru istorio surrealista eta umoretsu aurkezten ditu eta «Sleep dealer» film mexikarra gaur botako dute. Guztiak ere, Octavio Gonzalezek nabarmentzen digunez, «Europako jaialdi entzutetsuenetan sari ugari jasotakoak».

Berezitasunak bilatzen hasita, «zinemaldi guztiek eskaintzen dutena dakar gureak ere, zinema komertzialak ez duen grina duten eta aretoetara heltzeko aukera urriak dituzten lan interesgarriak aurkeztea», eta programazio arduradunaren ahotan, «Fantek erakutsi nahi du fantastikoa dela generoetan generoa». Ortzadar zabal horren seinale, «zientzia fikzioaz, thrillerrez eta beldurrezko zinemaz haratago, hemen komedia edo musikalak ere badira, baita umore absurdoa, bizitzaren ikuspegi surrealista, gai politiko eta sozialak jorratzen dituen zinema...» esandakoa, generoetan generoa da fantastikoa.

Etxeko zinemagileei bidea egin

Jaialdian, film luzeei dagokienez, «behintzat Bizkaian estreinatu gabeko filmek parte hartzen dute, eta zinema fantastikoan maila txukuna dutenak». Gainera, Bilbon jokatzen denez, «Euskal Herrian egindako lanak hobesten ditugu, hemen bere tokia izan dezaten». Gonzalezek ikusten duenez, gainera, «film luzeak egiten ari diren zinemagile ezagunez gain, film laburra bogan dago gurean, eta oso lan interesgarriak egiten ari dira zinemagile gazteak, grinatsu». Jaialdiak, Zinebik egindako deiari esker, 200 eta 300 lan inguru jasotzen ditu urtero, eta 15 aukeratu, aretoan bota eta Publikoaren Saria lortzearren lehiatzeko. «Kontuan hartu behar dira atzera begirakoak eta zinema klasikoa berreskuratzeko ahaleginak ere, maisulanak eta beste plazaratuz», jarraitu du Gonzalezek, aipatu gabe ezer utzi ez dezagun.

Film luzeen lehiarako epaimahaia zinema munduko hiru gazte bizkaitarrek osatzen dute. Pablo Bergerrek («Torremolinos 73» filmaren zuzendaria), Leire Berrocal antzezleak eta, egun, estreinako luzea prestatzen ari den Haritz Zubillagak hain zuzen. Azken honek ondo ezagutzen du jaialdia: «Zinema fantastikoaren zale sutsu legez, ikusle gisa aspalditik ezagutzen nuen jaialdia. Iaz, «Las horas muertas» film laburra aurkeztu nuen bertan, eta aurten epaimahaikide izateko deitu didate, pentsa! Beraz, antolatzaile lanak izan ezik, beste ikuspuntu guztiak ezagutzen ditut», esan digu bilbotarrak. Zubillagak ere Gonzalezekin bat egiten du: «Jaialdi honek duen azpimarragarriena, zinema fantastikoari modu zabal-zabal batean so egiten diola da, oso zinemaldi heterogeneoa plazaratuz». «Horrela, publiko zabalago batengana heltzeko aukera izan dezakezu». Eta programatzailearen bide beretik jarraituz, «Sail Ofizialetik kanpo film klasiko eta mitikoak askoz berritzaleagoak direnekin uztartzen ditu», nabarmendu du zinemagileak. Horren adibide dira aurten bota dituzten «The Mummy» (Britania Handia, 1959), Terence Fisherrena, edo gaur botatzekoak diren «The Other» (AEB, 1972).

Haritz Zubillaga eroso dago epaimahaikide legez; «txikitatik hauxe baita zirrara gehien sortu didan generoa, gehien deitu eta harritu nauena». Hirukotearen lanari buruz aitortzarik egin ez badigu ere, «adostu dugu hirurok pelikula guztiak ikusi arte eztabaidarik ez egitea, bakoitzak bere irizpidea manten dezan». Behin hausnarketarako beta iritsita, «interesgarria izango da oso, bakoitzak bere ikuspuntua izanik -hurbilen sentitzen ditugun proposamenak saritu nahiko ditugu-, eztabaida sortuko baita».

Oro har, hala ere, «film guztiak dira interesgarriak, ikustea merezi dutenak», dio Zubillagak. «Aberastasun handikoak eta oso ezberdinak dira, eta beti aurkitzen duzu harritzen zaituen zerbait, hori baita nik zinemari, eta fantastikoari gehiago, eskatzen diodana». Eta atzera begirakoetan ere, «oso irizpide egokiarekin aukeratutako filmak aurkitu ditut, B Mailako pelikulak, zinema fantastikoaren funtsarekin zirraragarriak ez ezik, apurtzaileak eta asaldagarriak direnak ikuslearentzat».

Epaimahaikidea agurtu aitzin, prestatzen diharduen film luzearen berri jakin nahi izan dugu, eta honela mintzatu zaigu zinemagilea: «Esan dezaket beldurrezkoa izango dela, eta ikuslearentzat hasi eta bukatu zirraragarria izan dadin saiatuko naizela. Orain pazientzia handia behar dut hala ere, asmoak gauza daitezen laguntza bilatu eta aurkitzeko».

Aipatutako atal guztiez gain, atzo, «Teaserland» aurkeztu zigun Xabier Bruk, egitasmoaren aitak. Nazioarteko zinema trailer faltsuen lehiaketa da «Teaserland», eta aurten egin da aurrenekoz: «Sortzaile gazteei egin nahiko luketen filmaren trailerra bidaltzeko eskatu genien. Ikusleengan beraien lana ikusteko gogoa sortzeko»; azken finean, «makina bat zinemagile ezagutzen baitut sekula film luze bat egiteko dirua bilduko ez duena, eta film labur bat garatzea bera ere inbertsio nekeza da askotan».

www.teaserland.com atarian ikus daitekeen lehiaketa, azkar hedatu eta ezustean hogeitik gora herrialdetatik mila lan baino gehiago jaso zituzten antolatzaileek. Saria, film labur bat baldintza egokietan grabatzeko 30.000 euro. «Ez dut uste aurkeztutako trailerren pelikulak gauzatuko direnik, baina ziur naiz etorkizuneko zinemagile bat baino gehiago dugula esku artean, talentu handia ageri baitute lehiaketan parte hartu duten batzuek», onartu zuen Bruk.

Jolas ariketa gisara eta lehiaketatik kanpo, Bruk lagun zinemagileak zirikatu zituen, egin nahi baina inoiz egingo ez duten filmaren trailerra gauza zezaten, bitxikeria gisa eta zuzendari hasiberrien ispilu izateko. Eta erantzun bikaina jaso zuen, atzo ikusi ahal izan genuenez. Adibide gisa, bi: Isabel Coixetek «No me hables de la vida cuando me estoy muriendo» aurkeztu zuen -errusieraz grabatu- tako komedia, jendea ingelesezko dramen kexu delako- eta Jaime Rosalesek -«bere-berea duen istorioa», Bruren esanetan- «El amor después del odio», zuzendariak berak azaldu bezala, «Gasteizko Artiumerako artelan esperimental bat egin genuen Super 8n, eta minutu eta erdi film sobratu zitzaigun. Zerbait grabatu behar genuela eta, burua astintzen hasi nintzen munduan zen azken zeluloide zatia balitz, zer mereziko lukeen grabatzea, eta azkar erabaki: musu bat».

Azken ordukoen txanda

Jaialdiak bere bidea jarraitzen du eta gaurko ere egitarau oparoa du osatua. Arratsaldean, Sail Ofizialeko azken emanaldia botako dute, «Sleep dealer». Alex Riveraren filma jaialdi ospetsuetan nabarmendu izan da. Pelikula mexikarra herrixka batean garatzen da eta mugek gogor banatutako mundu bat ageri du etorkizun hurbilean, fantasia eta gizarte kritika uztartuz. Lehiaketak gauean jarraituko du; publikoak bere saria eman dezan 15 film labur eskainiko dituzte. Horrez gain, Bilbao Grindhouse atalaren azken saioa -bigarren mailako edo B Mailako zinema omentzen duena- izango da gaur San Frantzisko auzoko udaltegian.

Bihar, Sari Banaketa izango da Capitolen, eta ondoren Nontzefilmak Gaua. Bertan, makina bat pieza txiki botako dituzte, minutu eta hiru minutu artekoak. Tartean, Euskal Herritar ugarik egindako lanak. Bukatzeko eta igandean, nagienek ere izango dute Atal Ofizialeko irabazlea eta Publikoaren Saria eskuratu duen laburmetraia ikusteko parada.

Paco plaza recibirá hoy el premio fantrobia

Paco Plaza (Valencia, 1973), codirector, junto a Jaume Balagueró de la película de terror «Rec» (2007), convertida en el mayor éxito internacional de la historia del cine del Estado, recibirá hoy el Premio Fantrobia (Cines Capitol, 20.00), con el que el festival de Bilbo reconoce a jóvenes con talento que destacen en cualquier ámbito de la cinematografía.

Plaza, inmerso en la preparación de “Rec 2”, además de recoger el premio impartirá una Master Class en el Centro Municipal de San Francisco, (11.00, con entrada libre), y participará en una Sobremesa de Cine en el restaurante Ambigú (San Vicente, 5) a las 17.00.
Antes de recibir el Premio Fantrobia, el cineasta valenciano presentará a las 19.45 en cine Capitol “Cuento de Navidad”, un capítulo de 71 minutos de la serie de televisión “Historias para no dormir” realizada en el año 2005.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo