DEIA | Xabi Larrañaga 2009/5/6
Esku zikinak
Jakingo duzuenez, Rosa Aguilar Kordobako alkate ohiak IU utzi eta Andaluziako PSOEko gobernuan parte hartzeko eskaintza onartu du. Herri Lan eta Garraio Sailean arituko da zuzendari, eta dagokion makila eskuratu baino lehen zegokion zorra kitatu behar izan du: barkamena eskatu dio Felipe Gonzalezi duela hogei urte eskaini zizkion hitzak injustuak izan omen baitziren. GALen hilketak zirela eta orduko presidenteak eskuak odolez zikinduta zituela esan zuen andreak hainbat aldiz, eta damutu da nonbait, sozialistekin elkartutakoan arin damutu ere.
Sozialdemokratek maiz aipatzen dituzte Jaime Gil de Biedmaren poema haren berba magikoak -«Ahora que de casi todo hace ya veinte años»-, eta era horretara erraz zuritzen dituzte lehengo bekatu iraultzaileak, asmo gorriak eta gizartea hankaz gora jartzeko proposamen ausartak. Gaztetan oso ezkerrekoa izatea logikoa da, are gehiago, derrigorrezkoa ere bada, esaten dute kopa eskuan, baina berrogei urte igarota leloa izan beharko horretan tematzeko. Gaurko mundua ez da atzokoa, gehitzen dute purua erreta, eta arrazoi, haiek beti arrazoi, XX. mendean eta XXI.ean, berdin. Zutabegileak dirudite.
(...) baino askoz sakonago, mingarriago eta errealago deritzogu Jose Emilio Pacheroren honako honi: "Reunión de antiguos amigos: Ya somos todo aquello contra lo que luchamos hace veinte años". Ez baita gauza bera lehengo ideiak beste era batera epaitzea, haiei barre egitea eta haiei eraso egitea. Eta norberaren aldaketa hori -bilakaera, zuzenduko dit baten batek- zilegi bada ere, ez dakit ez ote den iruzurra burua aldatzea poltronari eusten bazaio.
Benetan horrela pentsatzen bazuen, Felipe Gonzalezen aurka botatakoa gehiegizkoa iruditzen bazitzaion, hain zuzen ere hogei urte izan ditu Rosa Aguilarrek presidente ohiari barkamena eskatu eta jende aurrean damutzeko. Berriki eginda ez diogu sinesten eta are larriagoa ematen du aspaldiko salaketa, eta are zikinago, are beltzago ikusten ditugu eskuak. Lehen bi ziren, orain jada lau.