GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Roman Bengoa Larrañaga Lurreko ekoizle ekologikoen elkarteko presidentea

Transgenikoak eta ez transgenikoak elkarrekin bizitzea ezinezkoa da

Transgenikoak eta ez transgenikoak elkarrekin bizitzea eta kutsadura transgenikoa sinonimoak dira. Hori dela eta, transgenikoek baserritarrek transgenikorik gabe ekoizteko izan beharko luketen eskubidea eta kontsumitzaileek transgenikorik gabe jateko izan beharko luketena zapaltzen dituzte

Gizartearen nahiaren kontra, joandako Eusko Jaurlaritzak transgenikoak eta ez transgenikoak elkarrekin bizitzea onartu eta inposatu du. Eusko Jaurlaritza berriak dekretua atzera bota behar du.

Laborantza transgenikoa eta ez-transgenikoa (konbentzionala eta ekologikoa) elkarren ondoan egotea baimentzen duen dekretua onartu berri du joandako Eusko Jaurlaritzak, jendea nahastuz eta gezur borobil bezain handia den elkarbizitzari babesa emanez. Laborantza transgenikoak eta ez-transgenikoak ezin dute elkarrekin bizi. Bizikidetasun horrek kutsaduraren bidez transgenikoak inposatzea dakar, kutsadura hori kontrolatzea erabat ezinezkoa baita. Are gehiago, gizarteak elikagai transgenikoak errefusatzen dituela jakinda, elkarkidetasuna erabiltzen da transgenikoak disimuluz inposatzeko. Larriagoa da gizarte osoak ordaintzen duen Gobernu batek -kasu honetan Eusko Jaurlaritzak- gezur hori babestea. Gainera, Jaurlaritzak bere egunean Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) Transgenikorik Gabeko Zonaldea izendatu zuen eta hori guztiz ezinezkoa da aipatutako elkarbizitza onartzen bada.

Gizarteko erakundeek -nekazaritza, ingurugiro, kontsumo eta langile arlokoek- Eusko Jaurlaritzari behin baino gehiagotan transgenikoen erabat kontra daudela adierazi diote; hain zuzen ere, dekretuaren zirriborroa ez zutela onartzen esan zioten, elkarbizitza ez dela posible azpimarratuz. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ez du kasurik egin eta legealdiaren amaieran aipatu dekretua onartu du, Eusko Jaurlaritza berriari mokordoa utziz. Zer nolako interesak zituen aurreko Eusko Jaurlaritzak hori egiteko, gizartearen iritzi eta egiari bizkarra emanez?

Atzera begiratzen bada, Eusko Jaurlaritzak EAE Transgenikorik Gabeko Zonaldea izendatu zuenean, debekua oso mugatua izan zela gogoratu behar da; izan ere, transgenikoak gizakiok eta abereak elikatzeko bakarrik debekatu zituen. Ez zituen transgenikoak debekatu produktu farmazeutikoak edo nekazaritza-erregaiak egiteko, ezta helburu industrialetarako laborantza transgenikoak ere, nahiz eta horiek laborantza ez-transgenikoak (elikatzekoa barne) kutsatzeko ahalmen berdina eduki.

Laborantza transgenikoak kutsadura eragiten du beti, berdin da zein den laborantza horren erabilera. Izan ere, arto, koltza, azukre erremolatxa, patata edo koltza laborantza transgenikoek produkzio bereko laborantza ez-transgenikoak kutsa ditzakete.

Horrenbestez, dirudienez, elikagaien kasura bakarrik mugatutako debekua nahita ezarri zen, hurrengo pausua izan den elkarbizitza hori legeztatzeko asmoz egindakoa. Gainera, legalizazio hori legealdiaren azken momentuan egin da aurreikustekoa zen gizartearen protestaren aurrean burua gehiago ezkutatzen saiatzeko.

Esperientziak eta ikerketek elkarkidetasuna ez dela posible frogatu dute: transgenikoak ala ez-transgenikoak, erdiko biderik ez dago. Transgenikoak eta ez transgenikoak elkarrekin bizitzea eta kutsadura transgenikoa sinonimoak dira. Hori dela eta, transgenikoek baserritarrek transgenikorik gabe ekoizteko izan beharko luketen eskubidea eta kontsumitzaileek transgenikorik gabe jateko izan beharko luketena zapaltzen dituzte. Beraz, ekoizpen eta kontsumo librearen kontrako atentatua da.

Horiek horrela, Eusko Jaurlaritza berriak elkarbizitza baimentzen duen dekretua ezabatu behar du gizartearen borondatea errespetatuz. Halaber, Eusko Jaurlaritza berriak ikerketa zentro publikoak transgenikoen inguruan egiten ari diren inbertsioak eta ekimenak ikertu eta gelditu behar ditu, kalte handiagoak eragozteko.

Ekimen transgenikoek ez dute ezer onik ekartzen nekazaritza sektorerako, nahiz eta Nekazaritza Sailaren diruarekin ordainduta egon.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo