GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Edurne Epelde Pagola eta Miren Aranguren Etxarte Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak

Gure gorputza ez dago salgai: abortua libre eta dohainik!

Abortuak Kode Penalaren barruan jarraitzen du. Delitu bat da, bai. Hau, urteetan, emakumeontzako eta profesionalentzako oztopo izugarria izan da, horrek sortu baitu egun ezagutzen dugun segurtasun juridiko eta sanitario eza Ez dugu Estatu frantsesak eskaintzen digun 12 asteetako epearen legerik nahi, ezta Estatu espainolean oraindik egikaritu ez den lege iruzur berririk ere

Ez da lehen aldia Estatu espainoleko Parlamentuan abortuaren eztabaida sakona egiten dena. Orain dela 26 urte, 1983an PSOEren Gobernua sartu berri zela, eztabaida honi ekin zioten. Urte hartan lege proiektua aurkeztu eta eztabaidatzen hasi baziren ere, egun indarrean dagoen Legea ez zen 1985. urtera arte onartu. Orduan, eskuinaren presioaren ondorioz eta ustezko ezkerraren tinkotasun ezaren ondorioz, espainiar Kode Penalean abortua mantendu eta solik hiru balizko egoeratan abortatzeko aukera onartu zen: haurdunaren osasunaren arriskua, malformazioa, edota bortxaketa kasuetan. Urteetan zehar, Legearen inguruko kritika zorrotzak jaso zituzten, eta horren aurrean laugarren balizko egoera bat gehituko zela, edota epeen lege bat proposatuko zela esan izan dute behin eta berriz. Hala ere, asmo horiek hitzetan gelditu ziren.

Orduko asmoak errealitate izateko beste aukera bat zabaldu da azken hileetan. Estatu espainoleko Parlamentuan, lege proposamen bat garatzeko eztabaida sakon bat egiten ari dira, eta aldaketa batzuk ekarriko dituela aurreikusten da. Emakumeon sexu eta ugalketa eskubideen bermean aurrerapauso handiak izan litezkeen aldaketak, edo berriz ere emakumeon beharretara egokituko ez diren aldaketak. Ikusteko dago.

Esan bezala, abortuak Kode Penalaren barruan jarraitzen du. Delitu bat da, bai. Hau, urteetan, emakumeontzako eta profesionalentzako oztopo izugarria izan da, horrek sortu baitu egun ezagutzen dugun segurtasun juridiko eta sanitario eza. Lege berriaren oinarrizko aldaketa bat izan behar baluke ere, hainbat eremutatik zabaltzen ari den aldarrikapen nagusia izan arren, lege proposamenak despenalizazioa ekarriko duen ala ez, ez dago batere garbi.

Badirudi indikazioen lege bat izatetik, epeen lege bat izatera pasako dela. Europa osoan zehar indarrean dauden abortu-legedi ezberdinen gisara. Epe zehatzik adostuta ez dagoen arren, 12 edo 14 asteetako epea finkatuko dela diote. Emakumeon eskubide denari, beste behin mugak jarriz. Emakumeon osasunean eragin zuzena izango duten mugak, profesionalen jardunean ere eragin negatiboak sortuko dituztenak. Osasun eta medikuntzako irizpideak izan baino, moralean ate joka dabiltzan epeak. Zergatik ote da zilegiago 12 asteetan abortatzea, 18 asteren buruan egitea baino? Ez al dira kontuan hartu behar abortatuko duen emakumearen bizi baldintzak, bizitzan izan daitezkeen aldaketak, iritzi eta asmoak? Emakumeon erabakitzeko gaitasunaren gaineko kontrola ezartzea da asmoa. Emakumeon gorputz eta etorkizunari mugak jarri nahi dizkiote eta guretzako ona edo txarra zer den inposatu.

Eta mugak jartzeaz ari garenez, kontzientzia eragozpena arautuko al du lege proposamen berriak? Orain arte, Gizarte Segurantzan abortuak ez egiteko argudio nagusia izan da. Nafarroan haurdunaldien borondatezko etenaldirik (HBE) aurrera ez eramateko aitzakia faltsua. Instantzia ezberdinetatik kontzientzia eragozpena arautzeko eskaria nagusitu da, horrek, oinarrian, HBEak zentro publikoetan egin daitezen, beharrezko diren bitarteko materialak, pertsonalak eta prestakuntzakoak ziurtatzea eskatzen duelarik.

Aldaketa posibleak, gomendio interesgarriak... emakumeon aldarrikapen guztietara egokitzen ez diren asmoak iruditzen zaizkigu. Eta hala ere, sektore ultraeskuindarrak eta Eliza kexu dira. Jadanik gaindituta behar zuen «abortua bai, abortua ez» eztabaida plazaratu du berriz. Bizitzaren inguruko eztabaida faltsuan kokatu nahi izan dituzte emakumeon eskubideak beste behin. Emakumeoi historikoki egokitu zaizkigun rol eta espazioetatik ez ateratzea eta azken finean jendarte antolaketa patriarkala mantentzea helburu duen eztabaida mozorrotua.

Euskal emakumeak ez gara errepikatzeaz aspertuko. Gurea da gorputza, eta gurea erabakia. Ama izan edo ez izan erabaki behar badugu, hori aurrera eramateko aukera emango diguten tresnak behar ditugu. Abortua ez da bakarra, baina bai oso inportantea. Ez dugu Estatu frantsesak eskaintzen digun 12 asteetako epearen legerik nahi, ezta Estatu espainolean oraindik egikaritu ez den lege iruzur berririk ere.

Guk abortu libre eta doakoa aldarrikatzen dugu. Librea, soilik emakumearen erabakiaren araberakoa izateko. Inongo tutoretzarik gabe, kuestionamendurik gabe, zilegitasuna neurtu gabe, presiorik gabe. Doakoa, Gizarte Segurantzan, berme juridiko eta sanitario guztiekin, beste edozein interbentzio bezala kontsideratu izan dadin.

Abortatzeko eskubideaz gain, harreman sexual askeak eraikitzeko eskubidea nahi dugu, harremana norekin, noiz eta nola izan nahi dugun erabakitzeko eskubidea. Gure gorputzak eskaintzen dizkigun esperientzia eta bizipenez modu askean gozatu nahi dugulako.

Emakumeon gorputzaren eta bizitzaren gaineko erabakiak emakumeoi dagozkigu. Gurea da gorputza, gurea erabakia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo