Gazteek Udako Ikastaroetan parte har dezaten lehiaketa antolatu du UEUk
GARA |
Gazteak Udako Ikastaroetara erakartzeko asmoz, UEUk lehiaketa deigarria jarri du abian. Ekimena aurkezteko atzo Donostian egin zuten agerraldian azaldu zutenez, egungo krisi ekonomikoaz jabetuta, gazteei bertaratzeko aukerak eta erraztasunak emateko jarri dute lehiaketa abian.
«Udako Ikastaroak Jantzi» da aurtengo ekitaldiaren leloa. Antolatzaileek nabarmendu zuten «jantzi» hitzak esanahi bat baino gehiago duela euskaraz, «jantzi, arropa jantzi daitekeelako edota norbere burua... eta erantzi, modu askotara erantzi daitekeelako bat». Lehiaketako parte-hartzaileek hiru galdera erantzun behako dituzte, hori kontuan hartuta: «Nor jantziko zenuke? Nor erantzi? Eta zergatik?».
Norberaren erara
UEUko arduradunek azaldu zutenez, aipatu hiru galderen erantzunak SMS hizkeran, errimaz, bertsoz, norberaren euskalkiz... bidal daitezke, hilaren 22a baino lehen, komunikazioa@ueu.org helbidera.
Aurkezpen ekitaldian parte hartu zuten Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano telebistako aurkezleak izango dira mezuak aztertu eta irabazlea zein den erabakiko dutenak. UEUren udako ikastaroetako matrikula bat eta netbook bat jasoko ditu saritan.
Lehiaketaz gain, erakundeen dirulaguntzak lortzeko buru-belarri aritu dira aurten ere UEUko arduradunak, ikastaroetan parte hartzea errazteko helburuarekin.
Matrikulazio epea zabalik dago atzodanik, eta ikastaroak hasi baino astebete lehenagora arte luzatuko da. Ikastaroak urtero legez Eibarren, Baionan eta Iruñean egingo dira, eta jorratuko diren diziplinei dagokienez, aukera zabala dago.