Greba egiteko sobera arrazoi daudela diote Hezkuntza arlotik hasi eta larrabetzuko udalbatzaraino
Euskal Herriko gehiengo sindikalak datorren ostegunerako deitu duen greba orokorrari eusteko arrazoi nahikoa daudela adierazi dute Hezkuntza arlotik hasi eta Larrabetzuko udalbatzaraino. Egunetik egunera atxikimenduak ugaritzen ari dira hilaren 21erako deituta dagoen greban parte hartzeko.
GARA
Hezkuntza arloan, irakasleriak zein ikasleriak gehiengo sindikalak hil honen 21erako deitu duen greba orokorra egitearen aldeko deia egin dute. Larrabetzuko udalbatzak ere deialdiarekin bat egiten duen mozioa onartu du, eta dagoeneko 800 langile batzorde inguruk azaldu du atxikimendua, eta ehundik gora batzordek Araban.
Batzuek zein besteek greba hori egiteko sobera arrazoi daudela nabarmentzen dute. «Patronalaren xantaiari eta jokabide zikinei erantzuteko eta krisialdi hau pagatzeko prest ez gaudela ozen esateko» garaia dela azaltzen du Larrabetzuko Udaleko akordioak, eta honakoa gaineratzen du: «Aberastasunaren banaketan eta justizia sozialean oinarritutako eredu ekonomiko eta soziala nahi eta behar dugu».
Hilaren 21ean, datorren ostegunean, kalera irteteko arrazoiak egungo errealitatearen deskribapenean bertan aurkitzen dituzte atxikimendu berriek. «Botere ekonomikoak krisialdi sakonean sartu gaitu, eta orain langileen kontura euren irabazi maila salbatzen ahalegintzen» ari da larrabetzuarren hitzetan, eta krisiaz baliatuta, eskubide sozial eta laboralak murrizteko saiakera argiak ikusten dituzte.
Botere ekonomikoaren agindupean instituzioek izan duten jokabidea ere nabarmentzen dute, «krisiaren arduradun eta eta erantzuleen mesedetan» ari direla salatuz. Testuinguru horretan kokatzen dute «enpresa eta bankuei diru publikoa oparitu eta zergak are gehiago jaitsi izana».
Ikasle Abertzaleek, bestalde, etorkizuneko langileek egun bizi duten egoeran oinarritu dute mezua. «Ikasleok ere krisian gaude», adierazi dute, eta sistemak bere biziraupenerako «langile sumiso, akritiko eta alienatuak» behar dituela adierazten dute plazaratutako oharrean. Horrekin lotuta, kapitalismoak hezkuntza bere beharrizanetara egokitzeko martxan dituen ekimenak aipatzen dituzte, «Lanbide Heziketa ultraespezializatuak, Bologna prozesua, full-time ikasle figura eta infantilizazio eta alienazioa» kasu.
Hori dela eta, datorren ostegunean ikastetxe eta unibertsitate guztiak «husteko» deia egin dute, eta mezu bera zabaldu dute STEE-EILAS, LAB eta ELA sindikatuetako EHUko ordezkariek Leioan, Ibaetan eta Araban, kontzentrazio eta batzar informatiboetan parte hartzera dei egitearekin batera.
«Hamabost urteko hazkunde ekonomikoaren ondoren», beren esanetan, unibertsitatean gauzak ez dira behar adina hobetu, eta orain arte unibertsitatera bideratu den aurrekontua behar den mailatik urrun egonik, «gobernuek murrizketak egingo dituztela mehatxu egiten dutela» ikusita, ez dutela «ezer onik» espero adierazi dute.
Neurri neoliberalak
Langileen esparruan negoziazio kolektiboa bigarren mailan uzten denean, baliabide gabezia edota zenbait kolektiboren egonkortasun ezaren aurrean zer espero daitekeen galdetzen dute. Horrekin batera, Bologna prozesuaren aitzakian ezartzen ari diren neurri neoliberalak salatu dituzte, eta greba orokorrak Administrazioari eta patronalari «gure lan baldintzak defendatzeko asmo irmoa dugula» jakinarazteko aukera emango duela adierazi dute.
Aldarrikapenei dagokienez, badago hainbat eragilek nabarmentzen duten bat, Euskal Herrian erabakitzearen beharra. Ikasle Abertzaleek aldaketa eskatzen dute «hezkuntza sistema arrotzen» gainetik, eta Larrabetzuko udalbatzak bestelako Euskal Herria eraikitzeko, «geure buruaren jabe izan behar dugula» adierazi du, «gehiengo sozialaren beharrei erantzuten dieten aldarrikapenak benetan gauzatu ahal izateko».
Bestalde, LAB sindikatuak hogei greba-batzorde antolatu ditu Iruñerrian. Deialdia bertako herri eta auzo guztietara zabaltzeko, elkarretaratzeak deitu ditu Ororbian, Berriozarren, Orkoienen, Sanduzelain eta Alde Zaharrean, besteak beste. Gainera, Txantrean, manifestazioa izango da larunbatean, 12.00etan; merkataritza txikiaren aldeko kontzentrazioa, hurrengo astelehenean; eta manifestazioa egun berean Barañainen, eta asteartean, Atarrabian eta Arrotxapean.