GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Hausnarketarako jaiak

Aritz SOUND SYSTEM

Kazetaria eta musika adiktoa

Uhmm... Gogorra aurten bizi izan dugun negua, ezta? Uzta oparoak ekarriko ditu, behintzat. Eguraldiaren gaia ezin falta edozein solasalditan, gure zutabeetan herrietako jaien gaiak hutsik egin ezin duen bezala. Urteroko kontua da, uda gerturatu eta horretan jartzen gara buru-belarri. Jaiak hasi dira herri batzuetan, eta besteetan, berriz, jaiak prestatzeko bilera amaigabeetan dabiltza aspaldi. Egun, aste edo hilabete gutxiren buruan festa eta algara izango da nonahi; festa, musika eta dantza.

Egunerokotasuna apurtzeko aitzakia ederra eta, batzuen ustean, jendea lokartuta, apalduta edukitzeko beste trikimailu bat besterik ez (telebista, drogak edo futbola bezala?). Festak bizitzeko modu desberdinak daude, hauek antolatzeko ereduak ere desberdinak diren bezala; herritarren, herriaren eta une bakoitzean dauden agintari politikoen araberakoa izaten da. Hori bai, guk dakigula, herri askotan jaiak «pribatizatzeko» joera (beste gauza askorekin bezala) gero eta nabariagoa da. Festetako egitarauak enpresa pribatuen bidez antolatzen dira, herritarren parte hartzearen kaltetan.

Herrietako jaiak izan dira herritarrek udal gobernuan era zuzenean parte hartzeko zuten «zirrikitu» bakarrenetakoa. Azken urteotan, parte hartze hori gero eta gehiago mugatu da. Araudiak gero eta zorrotzagoak dira eta herritar «antolatzaileari» jartzen zaizkion oztopoak gero eta handiagoak. Segurtasuna, profesionaltasuna, esperientzia eta horrelakoak aipatzen dira. Pentsamendu bakarraren politikoek inoiz onartuko ez badute ere, ez zaizkie herritar «aktiboak» komeni; are gutxiago, talde, elkarte, asanblada edo batzordeetan elkartzeko gai badira. Askoz erosoagoa da, zuk banatutako diru publikoaren menpe dagoen enpresa bateko profesionalekin aritzea. Munduko ikuskizun «koloretsuena» salduko dizute, edozein itsutzeko moduko «etxaferuekin» hornituta. Guztia egina eskainiko dizute eta gainera, zerbaitekin ados ez bazaude, ez du zurekin eztabaidatuko, agindutakoa ordaintzen duzun bitartean.

Herritar antolatzaileak, berriz, ez du horren erraz men egingo, ezta gutxiago ere. Bere ustez egokia dena defendatuko du eta beste taldeekin batera elkartuta badoa, are eta indar handiagoa izango du. Nolako festak ditugu? Nolakoak nahi ditugu? Herritarrak ikus-entzule soilak diren kontsumitzaileak bilakatzen dituen festak nahi ditugu ala herritarrok herritarrontzat antolatutako festa parte-hartzaileak nahi ditugu? Egitarauak eta diru banaketak eztabaidatu aurretik hausnartzeko kontua izan daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo