DERBIA | Alaves eta Eibar jaitsierako postuetatik ihes egin nahia
Eibarren aurka «zirt edo zart» egiteko eguna iritsi dela esan du Javi Lopezek
GARA | GASTEIZ
Bigarren B mailara ez jaistea, horixe da, ez besterik, Alavesek eta Eibarrek uneotan duten helburua. Talde bien egoera hain da txarra, ezen baten garaipena bestearen hondamendia izango baita, batez ere arabarrek irabaziz gero. Baina ez dago aieneka galtzeko denborarik, ez bederen Alaveseko entrenatzaile Javi Lopezen aburuz. Hala, bere hitzetan, biharko neurketa «zirt edo zart egiteko unea» izango da.
«Eibarren aurkakoa izango da denboraldiko partidarik garrantzitsuena. Irabaztea oso zaila izango da eta, beraz, bururik galdu gabe bilatu beharko dugu beraien atea», adierazi zuen.
Azken orduari dagokionez, Edu Albacarrek ez zuen atzoko lan saioa amaitu, eskuin zangoko koadrizepsean uzkurdura izan zuelako. Dena den, atzelariak ez luke arazorik behar bihar prest izateko.
Duintasunez amaitzea
Eibarko jokalarien artean, berriz, ia ez dago liga duintasunez amaitzea beste helbururik. Esaterako, halaxe mintzatu zen atzo Raul Garcia gipuzkoarren hegalekoak ere.
«Garaipenak sortzen duen zirrara berreskuratu nahi genuke. Badirudi Alavesen salbazioa partida honen baitan dagoela, baina gure aldetik dena emango dugu gure zaleei behingoagatik poz bat emateko», adierazi zuen Eibarko atzelariak.
Garciaren hitzetan, «kontzientzia lasai dela amaitzea» beste helbururik ez dute armaginek. «Kontua ez da datorren urtean non izango garen, hemen gauden artean lana zuzen betetzea baizik».