GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Estibaliz Adrados, Txema Landa eta Fernando Apraiz Euskaria Fundazioko kideak

Nork esan zuen «bazterketa»? Poloa barneratzailea da!

Urte onak ez badira ere, hitz egiteko dagoenaz berriro ere hitz egiteko garai ezin hobea da hau, edota subiranotasunaren inguruko batasuna lortzeko mugimenduak berriro adosteko eta abiarazteko garaia

Azken bolada honetan, Euskaria Fundazioak (beste eragile politiko batzuekin elkarturik) polo soberanistaren aldeko apustu finkoa egiten jarraitu du. Tamalez, indar politiko abertzaleen artetik polo horren aurkako iritziak ere entzun izan ditugu.

Batzuek poloa hilda dagoela diote; beste batzuek, ordea, poloa baztertzailea dela, poloak Eusko Alderdi Jeltzalea baztertu duelakoan. Adierazpen hauen harira, Euskaria Fundazioan lanean ari garenok nafar euskal estatuaren berreraikuntza lortzeko ezin dela bazterketarik egin edota inoren aurkako aurrerapausorik eman argi dugula adierazi nahi genuke.

Azken hilabeteetatik hona, Lizarra-Garaziko espiritua berreskuratzeko tinko lan egiten aritu gara. Jakina denez, Euskariaren asmoa ez da 1998ra eramango gaituen denbora-makina batean sartzea, baizik eta aurrera begira dauden euskaldun eta abertzaleon indar metaketari ekin eta agertoki berri batera abiatzea baitugu helburua. Duela hamar urte, Eusko Alderdi Jeltzalea prest egon zen hartako hartan alderdi, sindikatu eta bestelako eragileekin batera bakea eta autodeterminazioa lortzeko estrategia berri bat eraikitzeko.

Gaur egun, ordea, Eusko Alderdi Jeltzaleak muzin egin dio polo soberanistak egindako deialdiari. Horrek ez du esan nahi Eusko Alderdi Jeltzalearen baitan subiranotasunaren aldeko apustua egiteko asmorik ez dagoenik. Sabino Aranak eraikitako alderdiak independentzia aldarrikatu du jaio zenetik. Guk ez dugu esango zerk edo nork bultzatu dituen Eusko Alderdi Jeltzaleko agintari nagusiak polo soberanistan parte ez hartzera. Hori jakitea ez da gure asmoa edo eginbeharra, noski. Baina argi eta garbi geratu behar da gure asmoa ez dela izan inor kanpoan uztea, Lizarra-Garazin bat egin zuen esparru osora iristeko irrikan gaude-eta.

Horregatik azpimarratu nahi dugu polo soberanista bat eraikitzeko aitzakiarik ez dugula onartzen. Eta horregatik berriro adierazi nahi dugu EAJ ekimen horretan parte hartzera gonbidaturik dagoela.

Era berean, Euskaria Fundazioak Maltzagako Aldarria martxan jarri zuenetik, hainbat kolektiboren (hau da, alderdi, sindikatu eta erakunde sozialen) batasuna bultzatzen aritu da.

Ekimen horren harira sorturiko dokumentua ezagutarazi baino lehen, Euskaria Fundazioaren barnean lan egiten duten eta abertzaletasunaren eremu ezberdinetan aritzen diren gizon-emakumeek aztertu zuten dokumentu hori. Dokumentua sinatu zutenen artean pentsamolde ezberdineko jendea agertzen da.

Ekimen anitza eta adostua dela esaten dugunean, inoiz baino zabalagoa eta ideologikoki eta estrategikoki anitzagoa izan dela ezin dugu ahaztu. Sinatzaileak Euskal Herriko herrialde guztietakoak dira, eta diasporakoak ere bai (horien artean, gainera, parte hartzea inoiz baino aipagarriagoa izan da) http://www.euska ria.eu/ ekimenak/atxikimenduak.

Bestalde, Maltzagako Mahaiaren jokabidea bi helburu lortu nahian ibili da: elkarlanaren aldeko apustua egitea eta adierazpen guztiak adostasun zabalaz onartzea. Gainera, Maltzagako Mahaiak adierazpen publiko handietatik ihes egin du, Garazin eginiko Lizarra-Garazi Akordioaren 10. urteurrena alde batera utzita, noski. Lizarran egindako bilera ateak itxita egin zen, hedabideek egindako presioa hain interesatua izan arren.

Aberri Eguneko ospakizunaren gisako ekitaldietan, adostasunik handienen aldeko apustua egin du. Horrexegatik, Irun-Hendaiako ospakizunarekin atxikimendua erakutsi du, ekitaldi hura sinbolikoena baitzen eta adostasun handiena lortu baitzuen iraganean.

Urte onak ez badira ere, hitz egiteko dagoenari buruz berriro ere hitz egiteko garai ezin hobea da hau, edota subiranotasunaren inguruko batasuna lortzeko mugimenduak berriro adosteko eta abiarazteko. Eta hori lortzeko, berdin dio sortutako bide berriak polo soberanista baten antza izatea ala ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo