Osasun sistemak publikoa eta orori irekia izan behar duela aldarrikatu dute erietxeetako langileek
Ainize BUTRON |
«Egoera larria bizi dugu gaur egun erietxeetan. Tentsio handiarekin ari gara. Lan erritmoa gero eta azkarragoa dira, eta, lan zama gero eta handiagoa», azaldu zuen Annie Vivier Baionako erietxeko langileak. Kirurgia zerbitzuan lan egiten du Annie Vivier-ek, eta, atzo, bertako beste hainbat langilek bezala, ordubeteko lanuztea egin zuen, Roselyne Bachelot Osasun ministro frantsesaren erreforma salatzeko. Greba egiten zuen lehen aldia zuen erizainak.
«Zerbitzua antolatu dugu guztiok ordubeteko lanuztea egin ahal izateko. Horri esker lortu dut parte hartzea. Une oro gutxieneko zerbitzua eskaintzea eskatzen digute, mobilizazioak daudelarik horrek arazoak sortzen ditu. Horregatik, maiz erietxeetan egiten diren mobilizazioetan irudietan agertzen dena ez da barnean dagoen ezadostasunaren ispilu», eman zuen aditzera Vivier-ek.
Bat egin zuten, beraz, erietxeetako langileek atzo, erreformak osasun zerbitzuan ekar ditzakeen kalteak salatzeko. «Legeak orain arte genituen lan kadentziak areagotu baizik ez ditu egiten. Gaixo batez ari zaizkigularik, administratzaileek kuota edo portzentajeez hitz egiten digute. Ezin da portzentaje sistema bat finkatu osasunaz ari garelarik», salatu zuen Vivierrek. Lege berri horren bidez, erietxe publikoa zapuztu nahi izana salatu zuten atzo sindikatuek. «Osasun zerbitzu on bat izan nahi duen gaixo batek dirua izan beharko du sendatzeko», esan zuten. Mobilizazioak egiten jarraitzeko asmoa azaldu zuten. Bi hitzordu finkatuak dituzte, maiatzaren 26rako eta ekainaren 13rako.