Xabier Silveira Bertsolaria
Izurrite berria
Hemen da espainiar faxismo paramilitarraren belaunaldi berria. Gure artean poliki-poliki hedatu den eta oraindik bizi-bizi zabalduko den izurrite berriak inguratu egin gaitu
Pertsonengan eragina duen txerrien izurriteak guztiz asaldaturik nauka azken egunetan. Ez azken egunetan soilik, azken hilabeteotan maiz samar kezkatu naiz pandemia, epidemia, edo dena delako azken modako gaitz oso-oso kutsakor honekin. Ez da ordea, jada guztiok dakigunez, birusa bere baitan duen ezein izaki (txerriki?) urdaileratzearen ondorioz kutsatzen gripe berria. Ez da kutsatzen aire bidez edo musu bidez, askotan sinetsarazi nahi izan diguten bezala, auskalo zergatik.
Telebistak gezur aunitz erraten du edo ez du ezer erraten, ez du erdibiderik.
Batzuek laborategietan sortutako birusa dela erraten dute, ez dakit zer ez dakit zerekin nahastu eta guzti honen hazia laborategiren batean sortu zela. Beste bertsio batek, ordea, 60ko hamarkada bukaeran gizaki espainol batek kutsatutako txerri baten ondorioz sortutako izurritea dela dio. Bada, ni bi bertsioekin ados egoteko moduan naiz jaun-andereak!!!
Noiz sortuko zen ez dakit, baina non zalantza gutti! Espainian diseinatutako gripe berriak atzean utzi ditu Levanteko haizeak gogorren astintzen dituen lur ultraespainolistak eta iparraldera bidean aski aurrera egin du dagoeneko. Plan Z.E.N. berria, zona especial norte. España una sola y española. Euskal herrian hain zuzen ere, izurritearen azken kasu aipagarrienak Eusko Jaurlaritza ustiatzera eraman du izurritearen muina. Kontuak atera zenbat diren kutsatutakoak!
Larria benetan gure gaixotasun berritua, ez berria. Adituen ustez, eta adituek ez dute inoiz hutsik egiten, agure zein umeengan baino arrisku handiagoa du gazteengan eragiteko, gainera. Eta kutsatuak, esan bezala, hainbeste direla kontu eginda, imajina ditzakegu «birus portzinoak» kutsatutako ehunka gazte aurpegia estali eta «herriko»ak erretzen, ikastolak txikitzen edo bertso saioak harrikatzen.
Hemen da espainiar faxismo paramilitarraren belaunaldi berria. Gure artean poliki-poliki hedatu den eta oraindik bizi-bizi zabalduko den izurrite berriak inguratu egin gaitu. Ikusezin egin nahi badituzte ere, batzuek uniformez egun argiz eta beste batzuek (berdinak? Ber-berak?) gauaren farola-argiz posizioak hartzen dituzte guri guda ahazten doakigun bitartean. Beraiek, hori bai, ez dira lanera etorri, ez datoz kasualitatez, laborategietatik ezerk ez baitu kasualitatez alde egiten.
Tira, non sortu zen, noiz, tontakeriak dira. Nork, non, noiz eta nola erabiltzen dituen, berriz, bi gauza izan daitezke: guda zikina edo ezinaren guda. Eta nork ez duen egiten ezer hori ekiditeko gertatzen ari dela ongi aski jakinik beste kontu erabat desberdina dugu. Gaixotasuna existituko ez balitz bezala jokatzen duen guztiak izango du bere ardura zatia epidemia, pandemia edo dena delako hau lehertu eta sendaezin bilakatzen denean.
Eta honekin ez nuke beldurra alfer-alferrik zabaltzen hasi nahi, inondik inora. Gauza bat besterik ez: Telebistak gezur aunitz erraten du edo ez du ezer esaten.
P. D.: Zutabe hau gaur hamabost zen argitaratzekoa, baina batzuek igarriko zenuten bezala ez zen hala egin. Bien bitarteko asteburu honetan Lesaka eta Berako udaletxeetan heriotz mehatxuak eta pintada faxistak errepikatu dira, oraingoan euskaraz. Gure terrorismoaren ordua iritsi da.