GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Elkartasunak hazten jarraitzen du

Presoen eskubideen aldeko herriz herriko sinadura bilketak eta mozioak herritar, elkarte eta alderdien atxikimendu zabala jasotzen ari dira egunotan. Horren erakusgarri, Ataungo Udalean lortutako adostasuna da; bertako alderdi guztiek bat egin dute presoen eskubideen defentsan eta herritarren sinadurak biltzeari ere ekin dio institucioak. Bien bitartean, Algecirasen diren presoak higiene greban jarraitzen dute, nahiz eta lekualdatzeek ez duten etenik izan.

p015_f02_73066.jpg

GARA |

Ataungo EAJk, EAk eta independenteek osatzen duten Herrigintza alderdiak zein bertako ezker abertzaleak bat egin dute euskal preso politikoen eskubideekiko errespetua eskatzen zuen mozioarekin. Ataungo alderdi politiko orok aho batez onartutako dokumentuak gaixotasun larriak dituzten presoak aske uzteko eskaera egiten du, «bizi arteko kartzela zigorra ezartzeko neurriak bertan behera gelditzeko» eskariarekin batera. Era berean, euskal presoen Euskal Herriratzea eta sakabanaketa eta bakartze politikaren amaiera exijitzen du idatziak.

Mozioa onartzeaz gainera, udal bando baten bitartez herritarrak aldarrikapen hauekin bat egitera gonbidatu ditu Udalak eta sinadurak biltzeko mahaiak jarri ditu gaurtik igandera arte herriko hainbat tokitan.

Herriko alderdiez gain, elkarte eta norbanako ezagunen atxikimendu ugari eskuratu ditu Ataungo Etxerat-ek aurkeztutako dokumentuak; hala nola eliz batzordearen babesa, pilotazale eta Agauntza kirol elkarteena eta Artadi, Oargi, Haitzarri eta Murkondo elkarteak bat egin dute presoen eskubideen defentsan. Norbanakoen artean EHNE, STEE-EILAS, LAB eta HIRUko kide diren Ataungo herritarrak, herriko kirolari ezagunak eta Joxeina Etxeberria kazetaria daude, besteak beste.

Ataunen bezala, herri askotan ari dira euskal preso politikoen eskubideen aldeko sinadurak biltzen eta udaletan aurkeztutako mozioak ez dira gutxi izan. Alta, EAJk herri gehienetan erakutsitako jarrera oso bestelakoa izan da. Soraluzen adibidez, asteazkenean egin zuten udalbatza eta mozioak EA eta ezker abertzaleko hautetsien bozari esker egin zuen aurrera, EAJ, PP eta PSE alderdi politikoetako zinegotziak ordea, ez ziren udalbatzara agertu ere egin euren jarrera jendaurrean agertzeko.

Sinadura bilketa eta mozioak herriz herri zabaltzen ari diren bitartean, Algeciraseko presondegian, esaterako, higiene greban jarraitzen dute joan den apirilaren 29tik aitzina.

Protesta horri erantzuteko xedez, espetxeko zuzendaritzak lekualdatze ugari egin zituen maiatzaren lehen egunetan, eta mugimendu horiek ez dute etenik izan. Jorge Gonzalez, Jabi Abaunza eta Asier Larrinaga presoak bertatik atera eta lehena Burgosera eta beste biak Valdemoko espetxera eraman dituzte.

Angel Benaito, Manuel Piriz, German Urizar, Jose Miguel Gaztelu, Jabi Martinez, Mikel Arrieta eta Gorka Loran, aldiz, Algecirasera eraman dituzte.

Bestelako lekualdatzeak ere izan dira egunotan: Jose Ramon Martinez Logroñora; Josu Arkauz Puerto II-ra; Ramon Aldasoro Kordobara; Mikel Garcia eta Luis Goñi Navalcarnerora; Hodei Ijurko A Lamara; Juan Mari Mendizabal Bonxera; Gotzon Amaro Langraizera; Garikoitz Etxeberria Aranjuezera eta Arkaitz Goikoetxea Valdemorora.

Bestalde, euskal preso politikoen eskubideen defentsan atzo 24 pertsona elkarretaratu ziren Iruñeako Alde Zaharrean, 50 izan ziren Arrosadia auzoan eta 45 aldiz, Donibanen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo