Administrazio frantsesak hizkuntza eskubideak urratzen jarraitzen du
Ezer berririk ez. Horrela laburbil daiteke, atzo Baionan, Behatokiak hizkuntza-eskubideen egoeraz 2008ko txostenean jasotakoaren inguruan egindako irakurketa. Izan ere, NBEk berak hainbatetan gomendioak egin baldin badizkio ere, Gobernu frantsesak benetako neurriak hartu baino, «aurpegia zuritzeko keinuak» besterik ez ditu egin. Frantsesa da jaun eta jabe, eta administrazio publiko gehienak herritarren hizkuntza-eskubideak urratzen segitzen dute.
Arantxa MANTEROLA |
«Errepublikako, hezkuntzako, laneko, harremanetako eta zerbitzu publikoetako hizkuntza, frantsesa da». Hori izan da administrazio gehienek eman duten argudioa euskal herritarren hizkuntza-eskubideak urratzeko. Ezer berririk ez, beraz, iaz Behatokiak 2007ko txostena aurkeztu zuenetik. «Frantsesa ez den edozein hizkuntza ez da ezer Estatu frantsesarentzat eta, horrenbestez, beste hizkuntzaren bat erabili nahi duten herritarrak ere ez», adierazi zuen Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok atzo Baionan, 2008ko txostenaren aurkezpenean.
Azken bi urteotako datu eta jarrerak alderatuta, administrazioek Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatzeko ez duela urratsik egin ondorioztatu zuen Bilbaok. Areago, bere esanetan, Gobernu frantsesak berak ez ditu aintzat hartu Nazio Batuen Erakundeak emandako aholkuak: «Gure irakurketa berretsi egin du NBEk 2008an, baina Frantziako Gobernuari bost axola zaizkio erakunde horren gomendioak».
Iaz Konstituzioan erantsitako hizkuntza gutxituei buruzko artikuluaren inguruan Behatokiak egin zuen irakurketa kritikoa berresteko, izan da elementu berririk hilabeteotan.
Aurpegia zuritzeko
Artikulu berriak hizkuntzok Estatu ondaretzat hartzen zituen, «Eiffel dorrea edo croissanta bailiran», gaineratu zuen Bilbaok, bere garaian aipamen horrek ez zuela inolako eskubiderik aitortzen salatu zutela gogoratuta.
Finantza Publikoetako zuzendari orokorrak jaso dituen zenbait kexari emandako erantzunak Behatokiaren kritika baieztatu besterik ez duela egin gaineratu zuen: «Erantzun horietan, izan ere, argi eta garbi azaldu baitu 75-1 artikulua txertatu izanagatik, ez dela auzitan jartzen frantsesaren lehentasuna eta ez diola eskubide berriei aterik zabaltzen. Zergatik eman zioten, hortaz, tamainako oihartzuna aldaketari? Egiaz, aurpegia zuritzeko eta NBEtik egindako gomendioei iruzur egiteko erabili zuten aldaketa».
Gobernuak agindutako hizkuntza gutxituen berariazko legeaz ere arrangura adierazi zuen Bilbaok. Oraingoan ere, lege berria euskarak eta Estatuko gainerako hizkuntza gutxituek premiazkoa duten ofizialtasunaren ukazioa estaltzeko ez ote duen erabiliko beldur da Behatokiko zuzendaria.
Txostenean jasotako kexekin batera, kezka hauek guztiak beste guneetan ere zabalduko ditu Behatokiak, esaterako, maiatzaren 26an NBEko Haurren Eskubideen Batzordean parte hartuko du. Etxetik atera gabe, Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) ordezkariekin bilera hitzartu dute dagoeneko, 2008ko txostena ezagutzera emateko eta euskaldunen eskubideak bermatze aldera bere engaiamendua eskatzeko.
2008 jasotako kexen artean, administrazio publikoei dagokienak dira nagusi. Herriko etxeez gain, SNCF tren konpainia, Ogasun zerbitzuak, Kontseilu Nagusia eta Posta dira herritarrek gehien salatu dituztenak.
Behatokiak iaz jarri zuen abian Ipar Euskal Herrian Euskararen telefonoa eta, geroztik, espediente-kopurua %12 emendatu da. Ione Josiek nabarmendu zuen, halere, legezko aitortza ez izateak eragin handia duela herritarren pertzepzioan, «eskubide urraketaz ez baitira ohartzen».
Guztira, 2008an 171 espediente egin ditu Behatokiak. Horietatik 6 zoriontzeko, 4 prebentzio-lana egiteko eta gainerakoak eskubide-urraketak salatzeko. Horietatik gehienek administrazio publikoekin dute zerikusia (111) eta 50ek eremu sozioekonomikoarekin. Kexen zioa, berriz, askotarikoa izan da: idatzizko komunikazioak edo eskuorriak frantses hutsean, ahozko zerbitzurik ez euskaraz, seinaleztapenik ere ez...
Josiek berebiziko garrantzia eman zion kexak helarazten segitzeari, ekintza «eraginkorra» dela gaineratuta. Esaterako, Hendaiako Herriko Etxeak kexak konpontzeko bitartekoak jarri dituela edota suprefetak boto-paperak euskaraz bidaltzeko eskaera bideratuko dutela agindu dio Behatokiari. Adibideok erantzun baikorrak ere badirela frogatzen dute, bere esanetan.
Euskararen aldeko ahaleginak zoriontzeko jasotako deien artean, Sarako Herriko Etxeak, Heletako Baigura aisialdi-guneak edota «Le Journal du Pays Basque-Euskal Herriko Kazetak» egindakoak nabarmendu zituen.