GARA > Idatzia > > Ekonomia

Euskal Herriko ekonomia eta gizartea hizpide, txostena osatu du Gaindegiak

Euskal Herriko ekonomiaren eta gizartearen garapena aztertzen dituen Gaindegia elkarteak 2008ko txostena aurkeztu zuen atzo. Euskal Herriko biztanleria nahiz ekonomiaren inguruko hamaika datu bildu dituzte, baita atzeraldi ekonomikoa, energia menpekotasuna, etxebizitza politika, mugaz bestaldeko lan merkatua nahiz pentsio eta gizarte segurantza sistemak aztertzen dituzten analisiak ere.

p027_f01_148x104.jpg

Amaia ZURUTUZA |

Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behatokiak, 2008. urteko txostena aurkeztu zuen atzo prentsaren aurrean. Pozik agertu ziren arduradunak argitalpen hau jada bigarrena delako, eta hala, iaz hasitako bideari jarraipena eman diotelako.

Txostenaren oinarriak, azaldu zuten moduan, zifra, datu, analisi, gogoeta, ikerketa eta gaurkotasuna dira. Guztiak, Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartuta. Hala, biztanleria, demografia, ekonomia nahiz gizarte alorreko datu eta grafiko ugari ditu txostenak.

2008. urteko gertaeretan oinarrituta, bost analisi eta gogoeta ere biltzen ditu argitalpenak: atzeraldi ekonomikoa, energia menpekotasuna, etxegintza politikak, mugaz bestaldeko lan merkatua nahiz Euskal Herriko pentsio sistemak eta gizarte segurantzaren ingurukoak.

Gorka Bueno EHUko irakasleak burutu du energia menpekotasunaren inguruko analisia, eta atzo azaldu zuenez, bada ideia nagusi bat Euskal Herriko energia egoeraz: gure herriak energia menpekotasun larria duela hain zuzen ere. Azaldu zuenez, Europar Batasunean kezka handia dago energia buruaskitasunaren inguruan, eta egun %50 dela Europan kontsumitzen den energia osotik bertan sortutakoa. Oso urruti dago Euskal Herria datu horretatik, hemen, kontsumitzen den energiaren %6 inguru baino ez baita bertan sortua: EAEn %6 baino gutxiago, Nafarroan zertxobait gehiago, %15 inguru, eta Ipar Euskal Herrian oso gutxi, %2 baino gutxiago.

Euskal Herriko administrazioek gas naturalaren alde egin duten «hautu sutsua» hizpide hartuta, argitu zuen EAEn dauden helburuak betetzen badira, 2010. urterako energiaren erdia gas naturalarena izango dela, «guztiz gehiegizkoa». Herrialde aurreratuenen artean halakorik ez dagoela esan eta horrelako erabakiek monolaborantza energetikoa sortzen dutela baieztatu zuen, eta horrek energia menpekotasuna indartzen duela.

Baliabide naturaletan soilik ez, azpiegituretan ere menpekotasuna handia dela esan zuen, eta bereziki paradigmatikoa dela sare elektrikoen egoera. «Egun Euskal Herriko sare elektrikoa kanpotik planifikatu, kudeatu eta kontrolatzen da, eta horrek zailtasun handiak sortzen ditu energia politika anitz planifikatu eta martxan jartzeko», argitu zuen.

Menpekotasuna gainditu eta Euskal Herrian borrokatu beharreko etorkizuna iraunkortasunean sendo oinarritzen den gizarte bat lortzea dela ziurtatu zuen. Horretarako hainbat neurri hartu behar direla azaldu zuen: energia berriztagarriak bultzatu behar direla; energia kontsumoa orokorrean murriztu behar dela, kontsumo eredua aldatu eta gizarte ohituretan hainbat aldaketa bultzatuz, birziklapena areagotuz esaterako; eta nekazaritza sektoreari merezi duen balioa eman behar zaiola, iraunkortasunean oinarritzen den beste gizarte bat lortzeko.

Ideia horiek guztiak esaldi batean laburbildu zituen: «Kontsumoa murriztu behar dugu eta bertako ekoizpena bultzatu behar dugu».

Etxebizitza politikak

Irati Susperregi eta Aitziber Etxezarretak Euskal Herriko etxebizitza politiken inguruko analisia osatu dute. Susperregik zehaztu zuen burutu duten lanaren helburua Euskal Herria banatzen duten hiru administrazioetako etxebizitza berriaren eskaintza, etxe motak eta horien prezioak alderatzea izan dela.

1999-2006 epealdia aztertu dute, hainbat daturen faltan ezin izan baitute azterketarako tartea gehiago luzatu. Hala, ikusi dute prezioei dagokienez, tarte horretan, EAEn %132 egin dutela gora, Nafarroan %84 eta Ipar Euskal Herrian %74. Argitu zuen Ipar Euskal Herriko datuak hurbiltze moduan hartu behar direla, berez Akitania departamendukoak baitira.

Bestetik, esku-hartze publikoa aztertuta, lehenik argitu zuen Hego Euskal Herrian jabetzaren kultura errotuta dagoela-eta babes ofizialeko etxebizitzetan oinarritzen dela etxebizitza politika, eta Ipar Euskal Herrian aldiz, alokairu sozialera bideratzen direla laguntzak.

Daturik nabarmenena EAEn izan den esku-hartze publiko indartsua dela esan zuen. Nafarroan eta Iparraldean, ordea, esku-hartze horrek beheranzko joera izan du.

Azkenik, eremu administrazio ezberdinen artean eman daitezkeen konbergentzia nahiz dikotomia posibleei dagokienez, Susperregik esan zuen ez dagoela halakorik, eta baieztatu daitekeena politika tradizionalak ahulduz doazela dela.

Biztanleria zahartzen

Xabier Isasik, Gaindegiako zuzendariak, txostenean puri-purian dauden gaiak biltzen direla esan zuen, etorkizunari begira gai garrantzitsuak direnak.

Energia nahiz etxebizitza alorrak azalduta, aipamen berezia egin nahi izan zien pentsioen inguruan txostenak dakartzan gogoetei. «Datozen urteotan eztabaidagai garrantzitsua izango da», esan zuen, besteak beste Euskal Herriko biztanleria zahartzen ari delako eta Europako biztanleriarik zaharrenetakoa dugulako. «Horren gainean ez bakarrik ikuspegi demografikotik, zerbitzuen ikuspegitik ere azterketa egin behar da, iraunkortasuna aztertzeko», adierazi zuen.

Euskal Herria, bere osotasunean, ezagutzea helburu

Orain bost urte ekin zion bere bideari Gaindegia behatokiak, atzo azaldu zutenez, Euskal Herria bere osotasunean ahalik eta ondoen ezagutzeko xedez. Horretarako, nazio mailako datuak bildu, landu eta horien gainean analisi eta gogoetak egiten aritu dira. Iaz, 2007. urteko txostena argitaratu zuten lehen aldiz, hamaika datu eta analisiz osatua.

Joxerra Bustillo txostenaren argitalpen batzordeko buruak azaldu zuen ez dela lan erraza ikuspegi nazional batetik sakoneko azterketak burutzea. Euskal Herria hiru administrazio eremutan banatuta egotea da arazo nagusia; hiru eremuetako datuak eskuratzea eta guztiak lotzea. Euren egunerokotasuneko lanean nazio mailako datuekin lan egiteko adituak lortzea ere zaila dela azaldu zuen Bustillok. Baina zailtasunen gainetik, profesional talde aberatsa batu dute, eta azkenean, gure herriko errealitateari buruzko datu eta analisiz osatutako txosten betea egin dute. Nahi duenak eskuragarri ditu aipaturiko txostena, baita Gaindegiak azken urteetan osatu dituen beste argitalpen ugari www.gaindegia.org webgunean. A.ZURUTUZA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo