GARA > Idatzia > Kultura > Zinema

Irango musikariak «azaleratu» zituen Ghobadik Cannesen

Bahman Ghobadiren «Les chats persans» filmak eman zion hasiera atzo lehiaketatik kanpo dagoen Cannesko Certain Regard sailari. Irango musikariek jasaten duten errepresioa du hizpide lan honetan bere herrialdetik alde egitea erabaki duen zinemagile kurduak.

p047_f02_203x108.jpg

GARA | CANNES

«Iranera joanez gero, ziur nago ez lidaketela filmatzen utziko», azaldu zuen Bahman Ghobadi zinemagile kurduak. «Les chats persans» (katu pertsiarrak) pelikulan bere herrialdeko musikari gazteek jasaten duten errepresioaren aurkako salaketa egin du, eta horrek izan ditzakeen ondorioen beldur, bere herrialdetik alde egin behar izan du. Donostian bitan (2004 eta 2006) Urrezko Maskorra lortu duen zuzendariak, Cannesko jaialdiko Certain Regard saila (lehiaketatik kanpo) zabaldu zuen atzo.

Filmean gazte iraniarrak askatasun eske agertzen dira. Ghobadik neska-lagunarekin, astelehen honetan bertan kartzelatik atera den Roxana Saberi kazetari iraniar-amerikarrarekin batera idatzi zuen filma. Teheranek Saberi espioitzan aritu izanaz akusatu zuen, eta zortzi urtez egon da preso, kondena bi urtez luzatu ostean. Bera ere Cannesen izatekoa zen arren, azkenean ezin izan zuen bertaratu.

«Triste nago, oso triste, triste nire bizitzagatik, nire lanagatik, nire egoeragatik. Ez dakit zein den nire herria. Iranera itzuli ezin badut, nora joango naiz, Britainia Handira? AEBetara?», adierazi zuen Ghobadik. «39 urte ditut eta pelikulak egin ahal izango ditudan leku batera joateko beharra daukat. Hain da gogorra...». «Bi edo hiru aldiz pozik etorri naiz Cannesera, baina hemen zer egiten dudan galdetzen diot orain nire buruari».

Baimenik gabe eta 17 egunetan presaka grabatua, «Les chats persans»ek kartzelatik atera berri diren eta Europarako bisadua lortu nahian dabiltzan bi musikari gazteri jarraipena egiten die. Dokumentalaren itxura handiagoa duen film honetan, aktoreek euren benetako bizitzako papera «antzezten» dute.

Ashkan Koshanejad eta Negar Shaghaghi aktore protagonistek ere Iranera itzultzeko asmorik ez dutela adierazi zuten atzo; «ez dugu politikarik egiten, ez dugu herrialdea aldatu nahi, musika egin nahi dugu, besterik ez», esan zuen Koshanejadek. «Filmaren %90 errealitatearen isla dela, duela urte eta erdi hiru astez kartzelatu ninduten rock kontzertu bat emateagatik».

Emozio gabeziak zabaldu du sail ofiziala

Nerabe baten ezjakintasun emozionala, Andrea Arnold britainiarraren «Fish Tank» lanean, eta homosexual txinatar baten zailtasun afektiboak, Lou Yeren «Spring Fever» filmean. Horiexek izan ziren Cannesko lehiaketaren hasierako zigilu. Arnold eta Yek, bi zuzendari ezezagunenek, lehiaketan parte hartzen duten gainerako maisu handiei bidea ireki zieten horrela, eta Urrezko Palma lortzeko atzetik etorriko diren 18 lanek zanpatuak izatera kondenatuta daudela dirudi.

Arnoldek gabezia afektiboa du hizpide. «Ekintza eztabaidagarri ugari egiten dituzten pertsonaiak daude eta oso interesgarria da jendea zinema aretotik zalantza moralak planteatzen ateratzea», azaldu zuen Michael Fassbender protagonistak, Tarantinoren «Inglorious Basterds» filmean ere parte hartzen duen aktoreak.

«Txinako azken zinemagile betatua izatea espero dut», esan zuen Lou Ye zuzendariak aurretik egindako lanengatik bere herrian izan dituen arazoen inguruan. «Spring Fever» maitasunari buruzko filma dela azaldu zuen, «pertsonen arteko harremanek izan dezaketen konplikazio mailaren ebaluazio bat.»

FORD COPPOLA

«Tetro» pelikula aurkeztu zuen Francis Ford Coppolak. Buenos Airesen filmatu du Maribel Verdu, Vincent Gallo eta Carmen Maurarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo