Gotzon Garate omendu dute, «New York, New York» berrargitaratuta
A. BILBAO | BILBO
Gotzon Garate Goihartzun josulagun eta Deustuko Unibertsitateko Euskal Filologia ikasketen aitak omenaldi xumea jaso du, hainbeste maite zuen hiriko istorioez 1988an idatzi liburuaren eguneraketarekin. 1934an Elgoibarren jaiotako euskaltzalea iragan urteko urriaren 8an zendu zen, gaixotasun larri bat pairatu ostean. Orain, Elkar argitaletxeak berriz omendu nahi izan du Gotzon Garate, berak 1988an idatzi «New York, New York» liburua berrargitaratuta, «deskatalogatzeko bidean baitzegoen», aipatu argitaletxeko editore Xabier Mendiguren Elizegik atzo esan zuenez.
Izan ere, gizon eta lagun maitatua zen Gotzon Garate, Deustuko Unibertsitatean ikasle gaztez lepo zegoen aretoan ikusi genuenez.
«New York, New York» lanari dagokionez, egilearen obran berrikuntza batzuk ekarri zituela eta batetik, kronikaren generoa landu zuen estreinako aldia zen, eta, bestetik, euskalki guztietako ekarriak bereganatzeko asmo ageria erakusten duela diote adituek. Kontuan hartu behar da, gainera, bidaiazale amorratua zela elgoibartarra, berrargitalpenaren hitzaurrea idatzi duen Juanra Madariagak gogoratu legez. New Yorken udako bi hilabete eman ohi zituen, urtero, Hispanos kristau komunitatean.
«Irakurle berrien eskuetan jartzea delakoan gorazarrerik onena», eta edizio berritu batean emateko, testuak idazlearen ilobak, Ainhoa Lendinez Garatek, eguneratu eta zuzendu ditu. Hitzaurreaz berriz, Garate maisuaren lagun eta ikasle izandako Juanra Madariaga poeta arduratu da, «azken besarkada emateko modu xume eta trakets» gisa. Bere esanetan, Amerikako hiritzarrean bizitzaren alde biak aurkitzen zituen «bazterreko jendearen lagun» zen josulagunak, «ankerkeria eta esperantza», eta guri erakutsi, «oso hurbileko kontakizun xumeen bitartez». Hitzaurrean, Andoni Egañak Garateri eskaini bertsoak ere ageri dira gainera.
Lagunarteko giroan eginiko aurkezpenean, Deustuko Euskal Filologia ikasketen arduradun Manu Etxeberria eta idazlearen anaia Romanek ere parte hartu zuten, eta Gotzoni zioten maitasunaz mintzatu ziren.