GARA > Idatzia > > Kultura

Azkena Rock-ek jaialdien sasoia ireki du

Azkenak irailetik maiatzera aurreratua dakar gitarra hotsa

Badira zazpi urte aretoko hormak apurtu eta Azkena Rock jaialdiak Mendizabalako eremua zapaldu zuela. Zortzigarrenarekin, ordea, irailetik maiatzera salto egin eta azkena izatetik lehena izatera pasa da Gasteizko jaialdia. Aldaketak aldaketa, atzo abiatu zen jaialdia lagunartean, urtero izan ohi duen giro apartarekin eta zale kopuru antzekoarekin.

p044_f01_97x188.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Irailetik maiatzera egin du salto Azkena jaialdiak, baina ez ditu zaleak jokoz kanpo harrapatu. Osteguna jaialdiko egunik eskasena izan ohi da, zaleen presentziari dagokionez, eta honakoan ere jenderik gehien Black Crowes eta Alice Cooperrek bilduko duen arren, giro polita zen atzo Mendizabalako zelaietan.

Jaialdiak ateak ireki zituenerako Mendizorrotzako aparkalekua beterik zen kasik, autokarabanaz eta guzti. Mendizabalan berriz, zaleak apurka-apurka bertaratzen, kanpin-dendak aldean zituztela batzuk -atzo iluntzerako betetzear zen kanpalekua-, goitik beherako rockzale piurarekin gehienak, eta dagoeneko gitarra soinuak aspaldikoentzat direnez, berrogei urte betetzetik hurbilago daudenak gehiago, hogei bete berri dituztenak baino. Eta goizean euria gogotik bota bazuen ere, ateri eutsi ez ezik, eguzkia ere atera zitzaigun, inguru guztia hodei ilunez ageri bazen ere.

Zazpi urtetan ondo egokitzeko eta urtero eremua hobetzeko aukera izan du antolakuntzak, eta nabari da. Aurten, iazko kokagune bera du jaialdiak, eta Lux Interiorrek infernutik agurtzen gintuen bitartean -bere izena du atzo itxita zegoen oholtza nagusiak-, karpak babestu eta Ron Asheton omentzen duen agertokian ziren talde guztiak. The Crampseko abeslari zein The Stoogeseko gitarristak Gasteizen jo zuten 2003an, eta aurten zendu dira. Inguruan, inoiz baino propaganda eta eskaintza gehiago (txupitoak eta zapiak doan, neska gazte lirainek eskainita), eta proposamen kuriosoren bat edo beste. Karpa txiki batean Guitar Hero bideo-jokoarekin ari dira batzuk. Besteak, benetako baterian jarri, gitarra eta baxua eskuartean hartu, eta Lenny Kravitz edo Metallicaren bertsioak egin dituzte. Ausartzen den orok musika jotzeko eremua aurtengo berrikutzetariko bat dugu, barre batzuk egiteko primerakoa. Atzokoan behintzat, primerako rock jarrera erakutsi zuten bertaratu zirenek, lana ondo betez gainera.

Jendea azokan zen bitartean, bigarren eskuko biniloak arakatzen -bakoitzak 5 euro eta bostek 20- edo atsedenerako paratu duten gezurrezko belardian (drogatzeko ere aproposa zenbaitentzat) erdi etzanda, fresko dago karpan. Bertan, Jenny Dee neskatoa soul grinatsuz dantzan zebilen, berde pistatxoz jantzitako musikariek eta koristek lagunduta. Polita Flaming Groovesen bertsioa, «Shake Some Action», eta amaiera bitxia, Atom Rhumbako Alvaro gitarran zutela. The Inspector Cluzo frantziar bikote zoroa atera zenerako ugaritzen hasia zen entzuleria. Black Crowes pikutara bidaliz adarra jo -beraien bertsio bat egiten hasita-, amerikar janari eskasari kantua egin eta bateria goitik behera apurtuz bukatu zuten jarduna. Burning oholtzara igo zenerako, rockzale ugari zituen begira. Soinu indartsuarekin eta sasoi onean, teklatu jotzailearen gidaritzapean «¿Que hace una chica como tú en un lugar como este?» jotzen hasi eta berotzen hasi ginenerako, alde egin genuen guk, beldurtuta.

Aspaldiko guraria

Gaur aspaldiko nahia beteko du jaialdiak, Black Crowesekin. Zaleek behin eta berriro eskatzen dituzten talde ohietarikoa dugu estatubatuarra -besteak beste Motorhead eta Neil Youngekin batera-, eta orain bost urte etortzekoak baziren ere, orain arte ez dute lortu. Robinson anaiak gauerdi inguruan oholtzaratuko dira, aurretik Soul Asylum dutela. Eta, adi, Eli Paperboy Reedi.

BLACK CROWES

Robinson anaien taldeak gaur joko du Mendizabalan; Azkena Rock jaialdiak aspalditik zuen guraria beteko da hala. Iaz «Warpaint» eman zuten eta Gasteizen aurki plazaratuko duten lana aurkeztuko dute.

lehenengo eguna

Izar nabarmenik gabeko eguna izan arren, giro polita izan ohi da jaialdiaren irekieran, eta atzo ere iluntzerako eta apurka-apurka, rock zalez bete zen Mendizabalako eremua, eguraldiak ere eutsi ziola aprobetxatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo