Ixabel Etxeberria Irakaslea
Ez da une arrunta!
Poliziak, epaileek, jaunttoek hautatu duten bide erraxena ezker abertzalearen baztertzeko: kriminalizatzea. Bide zaharra, aspalditik erabiltzen den tresna, politikarako bidea hausteko, gure inguruan beldurra sortzeko. Badakite defenditzen duguna zuzena dela, justizia dela
Gurean hauteskunde kanpaina bat ez da sekulan arrunta izaten. Aldi honetan ere, usaiak horretan jarraitzen du.
Luzaz, Europako hauteskundeak oso urrun ikusten genituen. Alta, bertako lehendakariorde izan zen hemengo hautetsi sozialista Nicole Pery. Hark laguntza handia ekarri zion Europar Batasunari hango Parlamentuan, eraikitzen zen Europako administrazio nagusiari. Harremanak estutu zituen Espainia handiko parlamentariekin ere. Oso gutxi gogoratu zen Euskal Herriaz, euskal kulturaz, euskaraz; alta toki altu eta estrategikoan kokatua zen. Sozialista zen.
Guk abertzaleok, Parlamentu hura nahiko urrutitik jarraitzen genuen eta horren inguruko hauteskundeetan ez ginen gehiegi mobilizatzen, nahiko lan baikenuen elkartzen tokiko, hurbileko hauteskundeetan parte hartzeko, boz kopurua emendatzeko ahaleginak egiten.
Pixkanaka, antolatu gara eta emaitzak handitzen joan dira. Orain hauteskunde guztietan aurkezteko indarra badugu, animoa badugu eta nahikeria ere. Eta horrela egiten dugu, lotu eta eguneroko lanari etekina ateratzen saiatu, aitzina joateko, aitzina egiten ez duenak gibelera egiten baitu.
Aurkariek ez dute hori gustuko. Estatu frantsesean mamu bat asmatu dute, eta horren kontra ekinez haien jarrera demokratikoa, haien janzkera demokratikoa, orrazkera demokratikoa betetzen dute FNren aurka ekintza batzuk eramanez. Horrela Europako Parlamentuko arau nagusia aldatua izan da Le Penek parlamentu berriaren lehen saioa zuzendu ez dezan, hautatua baldin bada bera izanen baita parlamentari zaharrena. Ikaragarrizko ekintza demokratikoa, autoritarismoaz josten ari diren Europar Batasun horretan! Horrekin Paris pozik dago, mamu horrekin gordetzen dute agintean kokatua den eta lanean ari den benetako eskuin muturrekoa, presidentea bera. Eta hau ez da txantxa, aski baita begiratzea aste honetan, osasungintzan, unibertsitateetan, langileen aldarrikapenen aurrean presidenteak izan dituen jarrerak. Erreformak eginen ditu agindu bezala, iragaiten ari diren protesta guztien gainetik.
Baina hemen beti berezitasunarekin gertatu behar dira hauteskundeak. Berezitasun horiek gure gustukoak ez badira ere, hau ez baita gure esku. Izan ere, kasualitatez, kanpainaren bezperan, aurkezpenak hasten direlarik, ABren lokalean ebasketa alde batetik, eta polizia operazioa bestetik gertatu dira, abertzale bat atxilotu dute. Kasualitatez, haren andrea haurra izateko bezperan. Min egiteko helburua, zalantzarik gabe! Poliziak ez omen zuen ulertzen nolatan, ezker abertzaleko ideiekin, horrelako ideiekin, ez den bortizkeriarekin loturarik. Horrela egina da lotura! Hau da Poliziak, epaileek, jaunttoek hautatu duten bide erraxena ezker abertzalearen baztertzeko: kriminalizatzea. Hau da bide zaharra, aspalditik hemen erabiltzen den tresna, politikarako bidea hausteko, gure inguruan beldurra sortzeko. Badakite defenditzen duguna zuzena dela, justizia dela. Hauteskunde kanpaina hitzordu politikoa baita, gure mezuaren pasarazteko aukera delako, gurean ez da une arrunta izaten sekulan.