GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

TRONTZA

Esnaola anaiek arazorik gabe bete dituzte iragarpenak

J.L. | DONOSTIA

Esnaola anaiak ziren Gipuzkoako Trontzalarien Txapelketa irabazteko faborito nagusiak, eta ez zuten hutsik egin Legorretako anaiek, eta uste baino errazago lortu zuten, gainera, txapela.

Lau bikote neurtu ziren Alkizan, eta bakoitzak kana-erdiko enbor etzanari hamabi epai eman behar zizkion, eta zutikoari beste sei, eta legorretarrek minutu eta erdiko aldea kendu zieten aurkariei. Horretarako behar izan zuten denbora 7.39 izan zen.

Bigarren postuan, berriz, Rezabal eta Roteta sailkatu ziren, eta haien denbora 9.01 izan zen. Hirugarren, Agirregabiria eta Salegi izan ziren, eta 10.47 izan zen beraien denbora. Azken postuan, berriz, Garmendia eta Iraola geratu ziren, eta haien denbora 12.08 izan zen.

Txinga

Alkizan bertan jokatu zen herrialdeko Txinga Txapelketa, eta hor ere ez zen ezusterik izan, eta Agirregabiriak lortu zuen txapela. 50 kiloko txingak erabili zituzten esku bakoitzean, eta helburua ahalik eta metrorik gehien egitea izan zen.

Agirregabiriak, 405,80 metro egin zituen. Bigarren postuan, berriz, Alberdi sailkatu zen 396 metro eginda. Hirugarren postuan, Zubiaurre sailkatu zen, 365 metro eginda, eta azken postuan Urrestik amaitu zuen, 287,7 metrorekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo