GARA > Idatzia > > Kultura

Arkeologia Jardunaldiak gaurtik aurrera, Aranzadiren eskutik

GARA| DONOSTIA

Gaur hasi eta datorren larunbata bitartean Arkeologia Jardunaldiak egingo ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak, hamargarren urtez. Hitzaldi guztiak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean izango dira, arratsaldeko 19.30ean.

«Jadanik hamar urte pasa dira, eta jardunaldi hauek gure gizartean hainbeste arreta sortzen dituzten aurkikuntzak eta ikerkuntzaren joera berrien lekukoak besterik ez dira -adierazi dute Aranzadiko arduradunek-. Arkeologia denbora eta lurraldetasun mugarik gabeko jakintza arloa dugu, Gerra Zibileko hobiratzeen azken emaitzetatik Santimamiñe eta Ekaingo kobazuloetan halako margo ederrak gauzatu zituzten Paleolito garaiko azken ehiztariak ezagutzera. Aztarna hauek, nahiz denbora eta kultura aldetik oso urrunak izan, gure baitan sentimenduak sorrarazten dituzte, eta bide batez, gure iragana zientziaren bitartez lantzen duten ikerlarien zaletasuna berriz ezagutzeko aukera izango dugu».

Gaur «Gerra Zibileko arkeologia eta giza eskubideak» izenburuko hitzaldia eskainiko dute Lourdes Herrastik eta Juantxo Agirre Mauleonek. Bihar, berriz, «Aranzadi, Barandiaran eta Egurenen pausoei segika, Santimamiñen egindako azken aurkikuntzen gainean» gaiaz arituko da Juan Carlos Lopez Quintana, Agiri Arkeologia Elkarteko kidea.

Latonia Haretery, Calgary Unibertsity-ko irakasleak hartuko du hitza asteazkenean. Dorset kulturako paleo-eskimalak Ternua iparraldeko klima epelera zer-nola egokitu ziren argituko du.

Ostiralean Jose Iriarte, Ingalaterrako Exeter Unibertsitateko Arkeologia saileko kidearen txanda izango da. Brasilgo hegoaldeko eta Argentinako heriotzari loturiko erritualen eta hilobi monumentuen ezaugarriak azalduko du.

Azkenik, larunbatean, jardunaldien amaiera gisa, Ekaingo kobazuloaren erreplika ikusteko aukera izango da, Jesus Tapia arkeologoaren eskutik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo