GARA > Idatzia > > Kultura

Ilunpean gordetako altxorrak argitara atera zituzten euskal museoek

Euskal Herriko museoak berpiztu egin ziren atzo udaberriko loreen moduan. Horietako batzuek urtean zehar bisitari gehiegirik hartzen ez duten arren, nazioartean ospatzen den egunean bisita gidatu bereziez eta hainbat ikuskizunez doan gozatzeko aukera ez zuten galdu nahi izan herritar askok. Txikiek zein handiek, ospetsuek zein hain ezagunak ez direnek, museo guztiek ospatu zuten eguna ilunpean gordetzen dituzten altxorrak argitara ateraz.

p048_f01_102x96.jpg

Xole ARAMENDI-Anartz BILBAO | BILBO

Egun seinalatua izan zen atzo Azpeitiko Tren Museoan, hilabete luzeetako zaharberritze lanen ondoren 1955. urtean Sestaoko La Naval enpresan eraikitako trena martxan jarri baitzen. Lasaotik joan-etorria egin zuen Creusot/Naval 1158 lokomotorak, errepide ertzetan bildutako dozenaka tren-zaleen bideo eta argazki kameren aurrean harro.

Lokomotora gidatuz Juanjo Olaizola Museoko zuzendaria joan zen. Gustura, lan gogorraren emaitzaz gozatuz. «Dena ondo atera da, makinek ondo funtzionatu dute», esan zuen.

Ekimenak sortutako jakin-mina nabarmendu zuen. «Bisitariak pozik daude, giro ona egon da. 300 lagun inguru etorri dira», kontatu zuen.

Olaizolaren aurpegian ilusioa ikus zitekeen, «heriotzatik salbatu» duten trenaz gogoratzean: «Extremadura, Andaluzia eta Gaztela-Mantxa lotzen zituen, Peñarroya eta Puertollano arteko trenbidean. Ondoren Zornotza eta Bermeo artean ibili zen 1973. urtera arte. Handik Santander eta Valentziara joan zen».

Hogei lokomotoratik bizirik dagoen bakarra da Azpeitikoa. 1993tik ikusgai egon da Museoan eta orain trenbide gainean ibiltzeko gai dela erakutsi du. «1989an bera eta anaia batzuk txatarretara bidaltzea erabaki zuten. Garai hartan hasi ziren Museoa bultzatzen, eta trena eskatuta, hona ekarri zuten».

Jabier Agirre elektrikariak lau hilabete eman ditu sistema elektriko guztia, hutsetik, jartzen. Mekanikariak, berriz, urtebete. 150.000 euroko aurrekontua izan du berrikuntzak. «Erabat aldatu dugu dena, eta uste baino zailagoa izan da. Orain arte ez dut inoiz beste trenik berritu eta beste bat egingo nuke. Erronka polita izan da», azaldu zuen Agirrek.

Lokomotorari bata bestearen atzetik lotutako bagoietan zihoazen guraso eta haurrak, eta lagun taldeak, irribarretsu, leihoetatik begira. Kristalaz bestaldera artaldea ikus zitekeen, batere izutu gabe, trena, lagun zaharra, agurtuz. Bidaiarien artean, Bizkaia eta Gipuzkoa aldetik iritsitakoak, urte batzuk atzera egin eta memoriaren zoko ahaztuak berpiztu zituzten adinekoek. Txikienek esperientzia berriaz gozatu zuten.

Parte-hartzea bultzatuz

Umeak izan ziren protagonista Gallartako Meatzaritza Museoan ere. Azpeitikoarekin batera, Gallartakoa ere gure lurraldean han-hemenka aurki ditzakegun museo txiki eta politen adierazgarri dugu. «Egun batez meatzari» pista-jokoa antolatu zuten bertan, txapelak jantzi eta bi taldetan banatuta familiartean parte hartzeko. Eta bertako arduradun Oihane Herrerak balorazio baikorra egin zigun: «Lehen aldia da Nazioarteko Museoen Egunean parte hartzen dugula, guk normalean ez baitugu igande arratsaldeetan zabaltzen». Atzo, ordea, «goizeko jokorako izen-emateak gainditu eta arratsaldez berriro jokatu dugu, 18.00etan».

Gure museoek Bilbon dute beste interesgune bat, bertan baitago Guggenheim erraldoia. Titaniozko ontzitzarrak nahikoa izan du doako sarrera eskaintzea goizean goizetik sekulako ilarak sortzeko, eta atzoko eguraldi bikaina profitatuz, giro aparta sortu zen eguerdian museo inguruko pasealekuetan.

Bizkaiko hiriburuak museo berri bat ere zabaldu du aurten, Mallona Galtzadetako Arkeologia museoa. «Galdetu-aurkitu» afixa handi batek egin digu bertan ongietorria. Berri-berria izanik, aspaldiko aurkikuntza arkeologikoak azaltzeko, ukipen pantaila, bideo, panel eta soinu ikusgarriak darabiltza. Atzo makina bat ekitaldi izan ziren bertan eta familia ugari zebilen hara eta hona. Umeek hilarriei arreta gehiegirik eskaintzen ez bazieten ere, bestelakoak ziren kontuak ehiztarien txokora heltzerakoan, «begira, begira, geziak!». Gainera, eguerdiko eguzkipean erakustaldia egin zuen Mikel Agirrek museoaren barneko patioan, historiaurreko arbasoen gisara sua piztu eta silex harriz landutako aizkorak sortu zituela.

PARTE HARTZEA

Izatez gaur da, maiatzak 18, Museoen Nazioarteko Eguna, baina aurten egun bat aurreratu, eta atzo ospatzea erabaki zuten, eta ohiko erakusketak agertzeaz aparte, makina bat ekitaldi antolatu zituzten, bisitarien parte-hartzea bultzatzeko asmoz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo