GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Giza eskubideen krisia «lehertzear» dagoela esan du AIk Baionan

Amnesty International erakundeak urteko txostena kaleratu zuen atzo. Estatu espainolean gertatzen diren torturak salatzen ditu txostenak, eta Estatu frantsesean komisarietan erabiltzen duten bortizkeria eta inpunitatea. «Duintasuna defenda dezagun» kanpaina abiatu du AIk.

p015_f02.jpg

Ainize BUTRON |

Amnesty International erakundeak munduko giza eskubideen egoerari buruzko urteko txostenaren edukiaren berri eman zuen atzo Baionan. Aurten giza eskubideen alorrean izandako bilakaera izan zuten hizpide elkarteko kideek eta krisi ekonomikoak egoera larritu duela nabarmendu zuten. «Gaur egun bizi dugun krisia ez da bakarrik ekonomikoa, horren gibelean lehertzear dagoen giza eskubideen krisia dago», salatu zuen Germaine Blezio AIko Baionako ordezkariak.

Munduan milioika herritarrek pairatzen duten bidegabekeria, bazterkeria, errepresioa, arrazakeria eta mota askotariko bortizkeriak aipatu zituzten. Besteak beste, Darfour edo Sri Lankan, gosea arma politiko gisa baliatua izan dela esan zuten. AI erakundeak G20 osatzen duten herrialdeetako agintariei herri askotan gertatzen diren urraketa horiek konpontzeko bitartekoak jarri ez izana leporatu zien. «Krisi ekonomikoa gainditzeko neurriak hartzen badituzte ere, Estatuak gutxi arduratzen dira eskubide arloan dau- den urraketez», gaineratu zuen Bleziok.

Tortura eta inpunitatea

Txostenak, Estatu frantsesari eta espainolari dagokionez, etorkinen aurkako diskriminazio eta jazarpenaren berri ematen du bereziki. Estatu espainolari dagokionez, urtero bezala, torturak bere horretan segitzen duela eta Gobernu espainolak tratu txarrak ekiditeko xedez AIk eta beste erakunde anitzek eginiko gomendioak ez dituela aintzat hartzen salatzen du. Guardia Zibilak Arrasaten atxilotu zituen Igor Portuk eta Mattin Sarasolak pairatu zituzten torturengatik ezarritako salaketak aipatzen ditu, Euskal Herriko kasu bakartzat hartuz.

Estatu frantsesean, berriz, komisarietan gertatzen diren bortizkeria kasuak ez direla ikertzen, eta ondorioz inpunitatea hedatzen ari dela adierazi du AIk, «Poliziak, legeaz haratago» izena duen txosten berezi ba- tean. Apirilean argitaratu du ikerketa lan hori eta txostenean argi gelditzen da Poliziak bertan erabiltzen dituen metodo bortitzak. Nazioartean gertatzen den giza eskubideen krisian G20a osatzen duten herrialdeek eredua eman behar dutela adierazi zuen AIk. Herritarrak arazo horren inguruan sentsibilizatzeko kanpaina berria jarri du abian erakundeak «Duintasuna defenda dezagun» izenekoa. Kanpaina horrekin, arduradun ekonomiko eta agintariei giza eskubideen urraketei begira kontuak eman ditzaten eskatuko zaie. Kanpaina eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalen babesa eskatzeko baliatuko du.

Giza eskubideak unibertsalak, zatiezinak eta elkarri loturikoak direla goraki aldarrikatu du Amnesty Internationalek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo