J. Mari Ostolaza, I. Aznal, A. Lasa, M. Idiakez eta O. Sorozabal Aralar, EB eta azken hirurak ezker abertzaleko zinegotziak, hurrenez hurren
Debako aparkalekua: txapuza
Nola? Zertarako jarri dute hau hemen? Beharrezkoak al ziren hauek? Ezin al ziren beste leku batean jarri? Donostian eskailerek balio badute, Deban zergatik ez? Derrigorrezkoak badira, ezin al dira trenbidearen ondoan egin, inguruari ia eragin gabe?
Antzeko galdera asko entzun izan dira Deban, hondartzako pasealekura hurbildu eta Nafarroa Plazako aparkalekura sartzeko eraiki diren «txabolak» ikusita.
Eta zer gertatu da Udalean? Azken legegintzaldia hasi eta gutxira aukeratu zen lur azpiko aparkalekua egingo zuen enpresa (2007/09/27). Momentu hartan, Hirigintza eta Etxebizitza Batzordean lur azaleko aparkalekuaren itxura nolakoa izango zen eztabaidatzen hasi ginen (2007/10/30). Hirigintza Batzordean aparejadoreak aurkeztutako txostenak proiektuari buruz: «...no da respuesta a los criterios objetivos de la ordenación establecidos en la ficha urbanística acerca del diseño que potencie el paseo de la playa...».
Arau subsidiarioen arabera, hondartzako pasealekua indartzeko ahalegina egin beharra dugu eta, hau ikusita, alderdi guztiok pasealekua zabaltzearen aldeko iritzia azaldu genuen batzordean.
Proposamen zehatzak ere egin genituen: goian galdutako aparkalekuak lur azpian erosi eta publiko egitea (2008/03/10), goiko aparkalekuak desberdin kokatzea leku gutxi galtzeko (2008/05/26)...
Lana bukatu arteko bilera gehienetan hizpide izan dugu gai hau, baina ardura duen batzordeko lehendakariak ez ditu hartutako erabakiak bete. Halako batean, obra bukatu, egindakoa ikusi eta Hirigintza bulegora planoak eskatzera joan garenean, egindakoarekin bat ez datozenak jaso ditugu. Batzordeko lehendakariari kontuak eskatzera joan garenean (2009/03/31), hauek ezagutzen ez dituela eta harridura aurpegia jarri ondoren, beste batzuk ekarri ditu hurrengo bilerarako.
Non zeuden plano horiek? Nork erabaki du hau honela egitea?
Beste askotan bezala, erabakia alkate jauna eta bere idazkariaren bulegoan gordeta egon da, gai hauek aztertzeko dagoen batzordeak besterik esan badu ere.
Gure herriko Udalaren martxa azaltzeko adibidea besterik ez da hau. Gai edo arlo guztietan, komeni ez bada, ez dira erabakiak batzordeetan hartzen, ezta hauen iritziak kontuan hartzen ere.
Ez dugu uste hau denik udal bat kudeatzeko era eraginkorrena, baina hau ez du ulertzen ez onartzen gure alkateak. Gero, hondartzakoa bezalako txapuzak jasan behar ditugu.