GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Luci Casco Costa Marigorri haurtzaindegiko arduraduna

Marigorrik agur dio

Gure logotipoak adierazten duen bezala, agur esateko ordua iritsi zaigu. Ia 10 urte luze hauetan herriko eta inguruko familia ugarik gugan konfiantza osoa jarri du. Gu horren truke lana ahalik eta hobekien egiten saiatu gara, ume txiki eta haurren zaintza-heziketa oso garrantzitsua delako.

Benetan, ohore handia izan da 500 bat ume gurean izatea. Gurasoekin ere giro berezia, hurbila eta familiakoa izan dugu. Lana ondo egiteko sekretu bakarra umeak geureak izango balira bezala zaintzea izan da. Haiek, beren tolesgabetasun apalaren barnean, beren maitasun guztia oparitu digute.

Orain, nahiz eta nabarmena izan guk emandako zerbitzua behar-beharrezkoa dela, ekonomikoki mila faktore kontuan izan ondoren, gure ateak ixteko erabaki gogorra hartu behar izan dut. Instituzioen aldetik inongo laguntzarik gabe, zerbitzu sozial bat bete arren, mila eratan irtenbideak aurkitzen saiatu naiz baina, tamalez, ez dut beste aukerarik izan.

Mila esker, bihotz-bihotzez, eman didazuen babes eta eskertza onengatik. Hutsune itzela utziko dugu denok, bai herriak ezinbesteko zerbitzu bat galtzen duelako bai nik gustuko lana galtzen dudalako. Eskerrik asko, gure zentroan lan egin duzuenei, Iturritxo auzo elkartekoei eta jostailu eta material didaktikoa oparitu diguzuenei ere.

Barkamena ere eskatzen dizuet Marigorrin jarraitzeko edo hasteko asmoa zenutenei, berria atsekabe handiz hartu zenutelako.

Bukatzeko, marrubizko muxuak: Eli, Gorka, Nahia, Unax, Libe, Janitz, Miren, Peru, Irene, Aritz, Oihana, Danel, Zuriñe, Unai, Leire, Itsaso, Imanol, Naroa, Mañel, Antxe, Alvaro, Noa, Iker...

Elkar ikusiko dugulakoan, aio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo