«Lastima da Ipar Euskal Herriko gazteek hemen ezker paretan aritzeko paradarik ez izatea»
Pilotaria
Ziburun jaio zen 1991ko apirilaren 19an. Oier Mendizabal eta Josu Oiaga pilotariak ditu gaur egun bere entrenatzaile. Irailean Txilen ospatu zen munduko txapelketan trinketeko urrezko domina eta txapela irabazi zuen, eta Argentinako munduko txapelketan, brontzea. Elkarrizketa hau «Le Journal du Pays Basque»-k argitaratzen duen «Mintza» astekarian agertu da duela gutxi.
Jon GARMENDIA |
Bixintxo Bilbaoren nahia Euskal Herria defendatuz jokatzea da. Azken urtean Lau eta Erdiko finalik onenak jokatu ditu, baita batzuk irabazi ere, nahiz eta maiatzaren 31n saririk inportanteena den Antiguoko finala galdu duen. Etorkizun oparoa du pilotan eta halaxe izatea opa diogu pilotari bezain pertsona ona den gazteari.
Noiz eta nola hasi zinen pilotan jokatzen?
Tipitako urratsak zesta-puntan eman nituen, baina eskupilotan Donibane Lohizuneko klubean hasi nintzen Manex anaiarekin, trinketean, Sebastian Jauregi, Itoitz eta Laurenten aginduetara. Unai Ugarte ezagutu nuen gero, Ander Punpagilearen semea. 12 urte nituenean aitak eraman ninduen Berara Luis Mari Retegiren ikustera, ea ezker paretan has nintekeen, eta hor Unairekin batera hasi nintzen Donostian; gero, duela bi urte hasi nintzen Hernaniko pilota eskolarekin eta geroztik han nabil.
Aitzinean ala gibelean?
Aitzinean aritzea maite nuen hastapenetik, gibelera pasa ninduten trinketean, baina ezker paretan naizenetik aitzinean ari naiz.
Hain desberdinak al dira trinketa eta ezker pareta?
Diferentzia handia da, pilotak gogorragoak dira, pisuagoak, zailagoak jokatzeko, uste dut gaitasun gehiago behar direla ezker paretan aritzeko, joko betea, ezkerrez gehiago aritu behar da nire irudiko, eta ezker eskuaz ongi moldatzen ez bazara, biziki mugatua aurkitzen zara.
Oroitzen duzu noiz irabazi zenuen lehen txapela?
Tipi-tipia nintzela, Donibane Lohizunen, 15 urterekin, Unairen laguntzarekin lortu nituen trinketeko garaipenak gero, baina irabazi dudan lehen txapela garrantzitsua udaberriko torneoan izan zen, hegoaldean, Lau eta Erdikoan, 17 urte nituela.
Munduko txapelketa etorri zen gero...
Bai...baina ez dut sobera maite lortutakoaz mintzatzea...
Nola ikusten duzu pilota Ipar Euskal Herrian?
Badakigu enpresa bat badela trinketean ari dena, baina telebista eta halakorik ez da, trinketeko pilotariak profesionalak bezala kontatuak dira, baina ondoan lanpostu bat behar dute bizia aitzina ateratzeko. Hegoaldean baino garrantzia gutiago du hemen pilotak. Gazteak ez dituzte ezker paretara bultzatzen. Domaia da hemengo gazteek paradarik ez izatea, eta hegoaldera joan beharra bide hori urratzeko. Horrek bidaiak, gastuak... zailtasun anitz ekartzen ditu, eta ondokoen laguntza ezinbestekoa da.
Pilota ez den beste kirol bat?
Kasik denak maite ditut, bakarra hautatu behar banu, ez nuke jakinen nola egin.
Pilotari gustukoena?
Aldatu zait, lehen Aimar Olaizola maite nuen, eta orain Irujo. Hori Hegoaldekoen artean, Iparraldekoen artean, berriz, Xala. Eta azkenik, trinketean, Paxkal Ezkurra.
Ikusi duzun azken filma?
«Le dîner de cons».
Egin duzun azken oparia?
Ez dut oroitzen.
Jaso duzuna?
Hemezortzi urte bete nituenean aitatxiren kuxina, Anik egin didan lepokoa, amatxiren opariak ere...
Jaki bat?
Txuleta.
Edari bat?
Garagardoa.
Musika?
Mikel Laboa.
Amets bat?
Maila pertsonalean pilotari profesional izatera heltzea, eta orokorrean Euskal Herriak burujabetza eskuratzea.
Urdin ala gorri?
Gorri.
Aita?
Babesa. Berak beti erraten dit bizian zein bide hartu, bere ikuspuntua ematen dit, eta gero nire hautua egiten uzten dit beti.
Ama?
Irribarrea, alaitasuna... eta po- lita.
Anaiak?
Manex, zaharrena, laguna eta eredua da; Xanti hirugarrenarekin tipitan gatazka gehiago nituen, baina denboraren joanarekin harremana goxatzen dela ohartzen naiz, Xabadin tipiena kuriosoa da, beste anaiotatik ikasten du. Hirurak dira biziki garrantzitsu ene bizian.
Unai Ugarte?
Hastapenetatik pilotako bikotea, eta lagun ona.