GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Lander Garro idazlea

Udaldia datorrela

 

Ez naiz surfa egiten dutenez gehiegi fio. Badakit denetik dagoela, bai. Baina, oro har, surfa “susmagarri” egiten zait. Udaldiko zaletasuna iruditzen zait, benetako plazeragatik bainoago, handinahiez egiten dena, edo besteei begira, ez daukagun estatusa irabazteko xedez, nolabait. Ze, ondo begiratuta, surfa kirola baino askoz gehiago da. Nire herrian, nerabe ginenean, palan egiten genuen, futbolean edo maldak irristagailuekin jaisten genituen. Egiten genuena oso lotuta zegoen denbora ahalik eta modu dibertigarrienean pasatzeko asmo prosaikoarekin. Oso ikuspegi ekonomikoa genuen gainera: ahalik eta denborapasa merkeenak bilatzen genituen. Horretan guztian, gainera, hiritartasunaren eskalan nor eta zer ginen ez zitzaigun batere axola.

Bagenuen telebista, eta telebistan, noski, beste iharduera posible batzuen berri ematen zitzaigun etenik gabe. Baita surfaren berri ere. Guri, ordea, guztiz iraingarria egiten zitzaigun geureaz aparteko guztia ‘saltzeko’ batzuk eta besteek egiten zuten ahalegina, golfa edota tenisa bezala, bururik gabeko kaskarinentzako iharduerak iruditzen baizitzaizkigun. Lehorrekoak eta proletarioak ginen, arraioa: surfistak arerioak ziren!

Jada ez naiz lehorreko, ordea. Gaur Hendaian bizi naiz, eta surfistek geure herria ‘hartzen’ dute. Norbaitek esan diezadake gazte horiek guztiak modu sano batez datozela kirola pixka bat egitera eta itsasoaz gozatzera. Saiatzen naiz gauzak hala ikusten. Baina, zer nahi duzue, ez diet hitzik sinesten. Ikusten ditut euren aparato horiekin guztiekin autoa lepo beteta, euren foka mozorroen barruan sartzeko ahaleginetan, olatuen artean horren ezgauz, eta ez dut ikusten ongi pasatzen dutenik. Ikusten dut harro daudela, euren burua ikusteaz disfrutatzen dutela, baina ez modu sano batez, banitatez baizik. Udako banitate deabrua!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo