Gasteizek EEPrekin duen hitzarmenari eutsiko diola ziurtatu du Urgellek Baionan
Gasteizko sailburu berriak Ipar Euskal Herriarekiko izango duen jarreraren inguruan jakinmina zuten euskalgintzan diharduten eragileek. Urgellek, «EEPrekiko lankidetzari» eutsiko diola adierazi zuen atzo, Baionan.Arantxa MANTEROLA |
Blanca Urgell Kultura sailburuak, atzo, Baionan Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) arduradunekin izan zuen lehen bilkuran adierazi zuen 2007an bi erakundeek euskara sustatzeko adostu zuten hitzarmenari eutsiko diola.
Ramon Etxezarreta Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Max Brisson EEPko lehendakaria, Frantxua Maitia Akitaniako kontseilaria eta Jakes Abeberri Hautetsien kontseilukidea mahaikide zituela, Urgell «pozik» agertu zen aurreko urteetan hasitako elkarlan iraunkorrari jarraipena ematearekin.
Max Brisson ere pozik agertu zen Gasteizko Gobernu berria «mugaz gaindi EEPrekin lehen aldiz bildu, eta zehazki euskaraz eta euskal kulturaz aritzeko» prest agertzeagatik. Bi erakundeek «historia eta antolaketa desberdina» badute ere, «oraingo eta hurrengo belaunaldietako euskararen garapena erantzukizun komuna» dela gaineratu zuen.
Bide beretik, Urgellek aitortu zuen argi daukala «hizkuntza politikaren arloan euskararen mapa osoa» beren ardura ere badela. Ipar Euskal Herriko hainbat eragileren jakinmina ase zuen sailburu berriak 2010a arte indarrean dagoen akordioari «eta aurrerago ere, Eusko Jaurlaritzak jarraipena emateko asmo sendoa» duela ziurtatu zuelarik. Hori bai, ez zituen iragarpen horrekin kezka guztiak uxatu, lankidetza horren baitan ezarriko dituen diru-funtsen kopurua ez baitzuen zehaztu.
Diru-laguntzak
Elkarlan hori zertan datzan zehaztearen haritik, aurtengo diru-laguntzak nola bideratuko diren azaldu zuten atzokoan. Horrela, 1.390.000 euro banatuko dira euskalgintzan diharduten eragileen artean. Horietatik 470.000 euro Gasteizko Gobernuak jarriko ditu.
Duela hilabete batzuk iragarri bezala, EEPk banaketa egiteko modua aldatu du aurten. Alde batetik, «euskalgintzako eragile nagusien jarduera laguntzeko, diru-laguntzak iraunkortzea» ebatsi zuen EEPk. Hala, funtsen %70 eragile hauen artean banatuko da: Seaska (225.000 euro); Ikas Bi (26.000 euro); Biga Bai (10.000 euro); Euskal Haziak (29.000 euro); Euskal Irratiak (255.000 euro); Uda Leku eta Bertsularien Lagunak (170.000 euro) eta AEK (255.000 euro).
Bestetik, gainerako 420.000 euroen banaketa urte hasieran egindako deialdiaren bidez erabaki dute. Guztira 68 eragilek 86 proiektu aurkeztu dituzte aurten (iaz baino 6 gehiago). Hamalau proiektu baztertu eta Kontseiluak aurkeztutako hiru atzeratu dituzte, «euskararen garapenerako bizi sozialaren arloan EEPk lehentasunak finkatu bitartean».