GARA > Idatzia > > Ekonomia

Garai bateko errotetan zentral elektrikoak sortzeko deialdia egin du Ibai-Errekak

Ipar Euskal Herriko sei elkartek osatzen duten Ibai-Errekak kolektiboa energia hidraulikoaren garapenaren aldeko egitasmoa prestatzen ari da. Zentral elektrikoak sortzeko kanpainan, errota zaharren jabe diren herritarrei deialdia luzatu diete beraiekin bat egiteko.

Idoia ERASO |

Ibai-Errekak kolektiboak zentral hidraulikoekin lotutako egitasmoak sustatzea du helburu. «Antzeko asmoak dituzten egitasmoen bultzatzaileei elkartean sartzeko deialdia egiten diegu ekainaren 30a aitzin. Izan ere, horrela, Ipar Euskal Herriko proiektu global eta koherente bat aurkeztu ahal izango dugu bideragarritasun azterketak egiteko diru-laguntzak lortu ahal izateko», adierazi zuen elkarteko presidente Aritza Camblongek.

Elkarteak mikro zentralak -100 eta 500 volt sortzen dituztenak- zein piko zentralak -200 volt baino gutxiago sortzen dituztenak- jarri nahi ditu abian, eta, horretarako, garai bateko errotak erabili nahi dituzte. Elkartetik jakinarazi dutenez, Ipar Euskal Herrian zentral bihurtu daitezkeen errota ugari daude.

Errotak zentral bilakatzeko, bideragarritasun ikerketak egin behar dira, eta, ondorioz, jabeentzat kostua txikitzeko diru-laguntzak eskatu ditu Ibai-Errekak. Hori bai, finantziazioa eskainiko lukeen ADEMEk (Ingurumenaren eta Energiaren Uztarpenerako Agentziak) Euskal Herrian solaskide bakarra izatea eskatu du.

Ekonomia sustatzea xede

Europar Batasunak 2001ean energiaren inguruan onartutako zuzentarauak 2010erako Estatuen elektrizitatearen %21 energia berriztagarrien bitartez sortu behar dela ezartzen du; oraingoz, Estatu frantsesean %15ekoa da ehuneko hori. Egoera aldatzen saiatzeko asmoa du Ibai-Errekak.

Husten ari diren landa inguruetako ekonomia sustatzeko baliagarriak ere izan daitezke zentralak. Izan ere, bakoitzak bi langileren eta inguruko artisauen lanaren beharra du.

Arrantzaleak sarri zentral elektrikoen kontra izaten badira ere, gaur egungo materialarekin eta legediarekin arrisku hori desagertu egin dela nabarmendu zuen azkenik Camblongek.

landa eremuak

Husten ari diren landa eremuetako ekonomia sustatzeko baliagarriak izan daitezke zentralak. Bakoitzak bi langileren eta inguruko artisauen lanaren beharra du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo