GARA > Idatzia > Kirolak > Real Sociedad

Turkiarraren agurra

Necatik ez du «aitzakiarik» denboraldi txarra azaltzeko

Gorka Elustondoren kontratua luzatuko du klubak hurrengo egunotan.

GARA | DONOSTIA

Necati Atesek zaleen konfiantza eskuratu du Donostian eman dituen hilabeteotan baina, kirol arloari dagokionez, turkiarrak denboraldi kaskarra egin du. Horrenbestez, sentipen gazi-gozoak izango ditu ziur asko Anoetan Liga itxiko duen partidan, batez ere datorren urtean Realean jokatuko ez duela jakinda.

Jokalariak berak aitortu zuen atzo aurtengoa bere ibilbideko urterik txarrena izan dela. «Ez dut aitzakiarik bilatu nahi egindako jokoa justifikatzeko», esan zuen, nahiz eta «jokatzeko aukera gutxi izan» duela gogorarazi zuen. Nolanahi ere, ez dio inolako gaitzespenik egin Juanma Lillori; izan ere, tolosarrak taldean jarraitzearen alde dago.

Alabaina, entrenatzaileak taldea utziko du eta Necatik berak ere bai, «kontratua luzatzeko eskaintzarik» ez baitio egin taldeak hurrengo denboraldian Galatasarayen aritu litekeen jokalariari.

Gauzak horrela, azken partida jokatuko du aurrelariak Anoetan igandean. Partida berezia eta, beraz, irabazi beharrekoa jokalariaren ustean. «Ia irabazteko gai garen. Jarraitzaileek -aitortu zuen- beti eskaini didate beren babesa eta jasotako txera horregatik guztiagatik eskerrak eman nahi ditut».

Ez da turkiarra neurketa horretan parte hartu nahi duen bakarra. Vallecasera bidaiatu ondoren, Gorka Elustondo ere berriro jokatzeko irrikitan dago. «Ia azken partida hauetan minutu batzuk izaten ditudan, berriro futbolari sentitzeko, taldekidea sentitzeko -onartu zuen- eta hurrengo denboraldiari indartsu ekiteko».

Gogotsu, beraz, beretzat agur partida ez izan arren. Beasaindarrak, izan ere, klubak hurrengo egunotan bere kontratuaren klausula bete eta kontratua luzatuko diola uste du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo