GARA > Idatzia > Kirolak > Saskibaloia

NBA Orlando Magicen aurreneko garaipena Los Angeles Lakersen aurka

Talde joko onari esker lortu du Orlandok aurrenekoz finaleko partida bat irabaztea

GARA | ORLANDO

Orlando Magicen historian, aurtengoa da jokatzen ari den NBAko bigarren final nagusia. Duela hamalau urte, 4-0 galdu zuen Houston Rocketsen aurka eta Lakersen aurka ere lehen bi partidak galduta zituen Ekialdeko Konferentziako txapeldunak.

Alabaina, asteazken goizaldeko neurketan abagune ezin hobea aurkitu zuten Dwight Howard eta enparauek eta ez zuten hutsik egin. Talde jokoan oinarrituta, Stan Van Gundyren gizonek 108-104 hartu zuten mendean Los Angeles Lakers eta finalen historiako beraien lehen garaipena lortu zuten.

Howard pibota izan zen etxekoen jokalari onena, 21 puntu eta 14 errebote eskuratuz, baina ez zuen laguntzarik falta izan; Rashard Lewisek 21 puntu lortu zituen, Rafer Alstonek 20, Turkoglu turkiarrak 18 eta 7 asistentzia, eta Pietrus frantsesak 18 puntu. Gainera, Lakersen defentsa eskasa lagun, jaurtiketetan ehuneko oso altua izan zuten Orlandokoek.

Defentsan bigun ibiliagatik, Los Angelesekoek azkenera arte eutsi zioten partidari. Bryantek 31 puntu lortu zituen -bost jaurtiketa libre huts egin zituen- eta Gasolek 23 -hiru errebote baizik ez zituen harrapatu-. Gutxiegi.

Bryanten akats larria

Esan bezala, partida ez zen azken minutura arte erabaki. Markagailua 104-102 zela, Bryantek urrezko baloia galdu zuen eta denbora gelditzeko falta egin zuen arren, Pietrusek jaurtiketa libreak sartu egin zituen.

Gaur jokatuko da NBAko finaleko laugarren dema, Orlandoko Amway Arena pabilioian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo