Bizardunak, folk musikaz Nafarroa suspertzeko prest
Bederatzi nafar bizardunek osatzen dute Bizardunak taldea. «Euskal folk radikala» omen dena lantzen dute eta Dubliners zein The Pogues irlandarren doinuak ardatz hartuta, izen bereko lehen lana plazaratu berri dute, sortu berri den Brian´s Records zigilu bizkaitarrean.A. BILBAO | BILBO
Gitarra eta soinua lagun, «Gu garena gara gure Nafarroan, berpiztuko da arima Euskal Herri osoan!» zuzenean kantatuta egin zuten atzo bost bizardunek «Bizardunak» estreinako lanaren aurkezpena. Nafarrak dira, eta guztira bederatzi musikari parrandazalek osatzen dute «Rebel Folk» deiturikoa ardatz hartuta «folk radical vasco» lantzen omen duen taldea: ««Folka» irlandar musika maite dugulako eta «euskal radikala», musika ez baina 80ko hamarkadako euskal taldeen hitz zuzen eta politizatuak gustuko ditugulako, orain bueltatu direnenak ez ezik».
Euskal Herrian egin izan den folka urruti du taldeak, hala ere, eta Irlandara begira bizi da. Horregatik, kanta guztiek euskaraz eta nafar harrotasuna berreskuratzeaz eta festaz hitz egiten badute ere, The Pogues edo Dublinersenak dira diskoan aurkitzen ditugunak -bederatzitik bost irlandar kantu herrikoiak dira-. Eta izenak izana eman dienez, bizarra egin gabe ageri dute, lehen aipatu eta miresten dituzten Dubliners taldeko kide, Kuban Sierra Maestrako «barbudos» edo Karlistadetako Santakruz apaiza eta Zumalakarregiren gisara.
Lagun arteko taldea dugu Bizardunak, zuzeneko bakoitza ospakizun bihurtzen duten festazale amorratuz eta aurretik rock gogorra landu eta Mermaid, Black Lagun, Basque Country Faraons eta beste talde askotan rock gogorra jorratutako musikariak biltzen dituena: «Nire neskak esan zidan bera edo parranda aukeratzeko... AGUR! Nahiago dut FIESTA!».
Taldea hasia da zuzeneko festak egiten -iragan asteburuan Mekoletan izan ziren-, eta aurki Arrasaten (ekainak 27) eta Sopelan (ekainak 28) ere izango dira.
Bizardunak taldearen lan homonimoa Serrano Ekoiztetxeak plazaratu du, horretarako diskoetxe berria sortuta.
Brian´s Records
Jose Angel Serranok agertu zuenez, «iraganean ere, 80ko hamarkadan, plazaratu genituen disko batzuk», eta orain, diskoetxeentzat garai ezegonkorrak diren arren, «musikari dagokionez, oso garai aberatsa bizi dugulakoan gaude, eta inorekin lehiatzeko gogorik gabe, interesgarriak iruditzen zaizkigun lanak plazaratzeko asmoa dugu, estilo batean zein bestean».
Diskoetxe berriak Brian´s Records du izena eta Bizardunak taldeak estreinatu du. Eta «pozik gaude nafar hauek gure filosofiarekin bat egiten dutelako, musika askea landuz, inolako lotura edo mugarik gabe». Laburtuz, «Bizardunak ezohikoak dira, dibertigarri eta alaiak, justu krisi garaian behar genuena».