GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Zientziak badu txokoa, ez bakarra, baina bai propioa

Zientziak toki berezitua izango du aurrerantzean GARA egunkariko orrietan, bere txokoa; ez bakarra, egunerokoan zientzia eta teknologia informazio iturri aberatsak bilakatu direlako, baina bai esklusiboa, propioa.

Hilabeteko bigarren eta laugarren ostegunetan, orduan izango dute zientzia eta teknologia zaleek hitzordua «Euskal Herria» eta «Mundua» sailen artean; eta zaleek diogu, sail berriak ez baitu adituak asetzeko bokaziorik, herritarrei zientzia eta teknologiak ematen dituen albisteak bertaratzekoa baizik. Egunerokoan arduratzen gaituzten kontuak ardatz dituzten gaiak jorratuko ditugu, modu ulerterrazean betiere.

Baina, gai nagusiaz haratago, zientziari eskainiko zaion sail honetan «Ikerka» tartea ere barneratu dugu. Euskal Herrian zein herritik urrun diharduten zientzialarien lana bertaratzeko baliatuko da, euren lana eta jarduera laborategietatik eta bulegoetatik plazara zabaltzeko.

Baina zientziak ere badu bitxitik, deigarritik, harrigarritik asko eta ezaugarri horiek guztiak estimatuak ditugunez, atseginez zabalduko ditugu «Zientzia» tartearen zirrikitu guztiak, ezaugarriok dituzten ikerketa eta gaiak jorratzeko. Gustuz eta itxaropenez zabaldu dugu halaber, atal honen e-posta helbidea, zientzia@gara.net, iradokizunak, albisteak eta ideiak helaraz ditzazuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo