Lehen Hezkuntzako haurren fitxategi zentralizatua osatu nahi du Gobernu frantsesak
Hezkuntza sindikatuek eta giza eskubideen aldeko elkarteek atzo salatu zutenez, Parisko Gobernua Lehen Hezkuntzako ikasleen fitxategi zentralizatua abian jartzeko presioa handitzen ari da. Sarkozyren Gobernuak irailerako ikasle guztien zerrenda osatua izan nahi du.Idoia ERASO |
Fitxategia ikasturte hasierarako indarrean izateko presioa hazi egin da azken hilabeteotan. Alde batetik, Hezkuntza Ministerioak Hezkuntza ikuskatzaileari asmo hori helarazi dio hainbatetan. Eskakizun hori betetze aldera, ikuskatzaileak eskutitz bat igorri du eskola guztietara datu horiek eskatuz, eta datuak eman ezean jendarmeak bidaliko dituela mehatxu egin du. Fitxategia osatzeko datuak ez ematea erabaki duten hainbat eskola zuzendari kargua uztera behartu dituzte.
Hogeita hamar Herriko Etxek fitxategia gauzatzeko datuak emateari ezetz esan diote Pirinio-Atlantikoen departamenduan. Egun departamenduan ikasleen %69 dago fitxatua, baina Hezkuntza Ikuskaritzak argiki jakinarazi duen legez, ikasturte hasierarako %100 izan behar- ko da. Datuak ematearen kontra agertu diren udalen artean batzuk fitxategiaren aurka daudelako egin dute, baina beste batzuek herrian abiadura handiko Internet linearik ez dutela jarri dute aitzakia.
Datu pertsonalak
Fitxategiaren inguruko egitasmoa 2002an sortu zen eta orduan ikasleen jatorrizko herrialdea, etnia, ama hizkuntza eta haurraren zein gurasoen bestelako datu pertsonalak eskatzen ziren. Gizartearen presioa medio, datu horiek ezabatzea lortu zen. Sindikatuek salatu dute oraingoz datu horiek eskatzen ez badira ere, edozein unetan berriz ere eska ditzaketela.
Fitxategi honen gauzatzea kontrola eta baliabideen txikitzearen politika orokor baten baitan kokatzen dute sindikatu eta elkarteetako ordezkariek. Lanpostuak kendu eta hezkuntza elkarteei dirulaguntzak murrizte zaizkien bitartean indar polizialen eremua eskoletara zabaltzen ari dela salatu dute.
Fitxategiak osatzeko datuak emateari ezezkoa esan diote 30 herriko etxek Pirinio-Atlantikoetako departamenduan. Egun ikasleen %69 dago fitxaturik.