Selektibitate azterketak hasi dira urduritasun eta protesta artean
GARA |
Hamar mila lagun inguru hasi ziren atzo hiru egun iraungo duten selektibitate azterketak egiten, Nafarroan goizean eta Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, berriz, arratsaldean. Ohikoa izaten den bezala, urduritasuna izan zen nagusi lehen egun horretan, izan ere, azterketa horien emaitzen balioa unibertsitatean sartzeko izango duten nota osoaren %40 da.
Ikasle Abertzaleak antolakundeak, berriz, azterketen hasiera baliatu zuen Selektibitatea salatu eta Euskal Currilumaren aldeko apustua berresteko Leioan, Donostian eta Gasteizen. Izan ere, IAren iritziz, selektibitatea «ikasleek espainiar edukiak barneratu» dituzten ziurtatzeko «tresna» da.
«Curriculum arrotzen inspekzio zorrotza da, beraz, gaurkoan egingo dugun azterketa. Historia, kultura, hizkuntza... arrotzak ikasleok zintzo-zintzo eta inongo irizpide kritikorik gabe barneratu ditugula bermatu nahi dute azterketa basati honen bitartez», salatu zuten.
Azterketa sistema bera ere injustua dela nabarmendu zuten, «bakoitzak dituen gaitasunak baloratu ordez, memorizatzeko gaitasuna hartuko baita kontuan».
Euskal ikasleen antolakundeak Euskal Curriculumaren aldeko apustua egin zuen eta dei egin zien azterketa egitera bertaratu ziren ikasleei horren alde egitera eta «inposaketen aurka borrokatzera».
Bestalde, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikasleak gaur zortzi hasiko dira unibertsitatera sartzeko azterketak egiten.