GARA > Idatzia > > Mundua

Atentatuak ugaritu dira Iraken AEBetako tropek alde egiteko hiru aste falta direla

Ekainaren 30ean AEBetako tropek Iraketik alde egingo dute Afganistanerako bidean. Hala ere, Iraken segurtasun arazo ikaragarriak daude oraindik ere. Horren erakusle, atzo 19 hildako izan ziren atentatu batean.

GARA |

Gutxienez 19 hildako eta 56 zauritu izan ziren atzo Irakeko hegoaldean bonba-autoz egindako atentatu batean, Mohammed Abdel Reza Nasirijako Ospitaleko larrialdi zerbitzuetako arduradunak azaldu zuenez.

Atentatua Batha hiriko azokan jazo zen, Nasirijatik (Zi Qar probintziako hiriburua) 40 kilometrotara. Inguru honetan xiiak dira nagusi eta, orokorrean, ingurune lasaia da.

Erasoa AEBetako tropek Irak utz dezaten hiru aste baino gutxiago geratzen direnean heldu da. «Leherketa handi bat izan da, izugarria izan da», adierazi zuen Farhan Fadelek, 32 urteko merkatariak. Sabelean zauriak zituen eta zangoa apurturik. Hori dela eta, Nasirijako Ospitalera eraman zuten.

«Beldurgarria izan da leherketa. Ikaragarria. Hamarka lagun hil dira eta zauritu ugari daude. Ke asko zegoen. Ziurrenik, atzerritarra izango zen hau egin duena», esan zuen Hassan Alik, 44 urteko irakiarrak. Bathako azokan arraultzak saltzen ari zela harrapatu zuen eztandak Ali eta zauriak ditu sorbaldan.

Atentatuaren ostean, Bathako poliziaburua kargutik kendu dute eta poliziak izandako jokabidea aztertzeko ikerketa bat ere zabaldu dute. Orain artean, eskualde honetan ez da apenas atentaturik izan, ezta 2006an eta 2007an talde erlijiosoen artean liskarrak Irak osoan nagusi zirenean ere. Azken atentatuak 2003ko apirilean izan ziren, Saddam Husseinen Gobernua erori berria zela eta matxinoak okupatzaileen aurka borrokan ari zirela. 2003ko amaieran, 28 pertsona, tartean 19 italiar, hil ziren Nasirijan Italiako Armadak zuen basearen aurka buruturiko atentatu batean.

Ekainaren 30etik aurrera, AEBetako indarrak ezin izango dira Irakeko hirietan sartu Bagdadeko Gobernuko tropek espresuki laguntza eskatu ezean. Izan ere, data horretatik aurrera, indar irakiarren esku izango da Irakeko 18 probintzietatik 15etan segurtasuna bermatzea.

Azken asteotan, ordea, atentatu kopuruak gora egin du eta, ondorioz, AEBetako soldaduek alde egitean segurtasuna kolokan egongo denaren izua zabaldu da, irakiarrak ardura berriari aurre egiteko prestatuta ez daudela uste baitute herritar ugarik. 2010eko urtarrilaren 30ean egingo diren hauteskunde legegileak hurbildu ahala, atentatu kopurua nabarmen haziko dela uste dute aditu gehienek.

Asteartean bertan, bi irakiar hil ziren Bagdadetik gertu izandako atentatuan. Hildakoetako bat, Al-Qaedaren aurkako milizia bateko burua zen.

Astelehenean, berriz, zazpi pertsona hil eta 24 zauritu ziren Bagdaden minibus baten kontrako egindako erasoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo