Sarrionandiaren poesia du oinarri Nafarroa Oinezeko abestiak
Euskal abeslari ezagun ugarik parte hartu dute Etxarri-Aranatzeko Ikastolak antolatzen duen aurtengo Nafarroa Oinezeko kantan. Joseba Sarrionandiak idatzitako letrari Kaki Arkarazok jarri dio melodia, nahiz eta lan hori aurrera eramateko beste hainbat musikagileren laguntza ere jaso duen. «Txikiak handi» izena du abestiak eta bertan Ruper Ordorika, Fran Urias, Amets Larraza eta beste hainbat abeslari euskaldunen ahotsak entzun daitezke.Asier VELEZ DE MENDIZABAL | IRUÑEA
Ruper Ordorika, Fran Urias, Lur Larraza, Petti, Estitxu, Txomin eta Aiora Zulaika, «Pirritx». Euskal kulturaren ikur diren abeslari eta artista ugari izan dira Nafarroa Oinezaren kantari ahotsa jarri diotenak.
Kantak «Txikiak handi» du izena eta Joseba Sarrionandia idazleak idatzi du letra. Abestiak aurtengo Nafarroa Oinez jaialdiaren leloarekin bat egiten du, txikien handitasunaren ideiarekin jolastuz.
Etxarri-Aranatzeko ikastola ari da aurtengo Nafarroa Oinez jaialdia antolatzen, eta abestiaren aurkezpena atzo egin zuten Iruñean. Kaki Arkarazo musikagilea izan da Joseba Sarrionandiak idatzitako olerkiari musika jartzeko ardura hartu duena. Atzo azaldu zuenez, erronka «zaila» izan da, eta, hasiera batean, nondik nora jo ez zekiela izan zen.
«Niretzako ohore handia izan da Joseba Sarrionandiaren mailako idazle baten letrari musika jartzeko ardura izatea, eta horregatik ez nuen ohiko kanta bat egin nahi. Zerbait ezberdin eta deigarria egin nahi nuen», adierazi zuen Arkarazok. Haren iritziz, «jendeak kantatzearen poderioz bihurtzen da azkenean abesti bat ezagun eta herrikoi, eta horregatik oso argi neukan abesti hau ezberdina izan behar zela, jendearen oroitzapenean gelditzeko».
Hasieran «zailtasun handiak» izan zituen Arkarazok eta, hori ikusita, beste hainbat musikariri laguntza eskatzea erabaki zuen. «Musikari handi askoren laguntza jaso dut. Horregatik, ez nuke lanaren meritu guztia nik jaso nahi. Azkenean, musikari eta lagun askoren arteko elkarlanaren fruitua izan da kanta hau», azaldu zuen musikagileak.
«Badugu-ez dugu» paradoxa
Manu Gomez Nafarroa Oinezeko antolatzaileak bere aldetik, «Txikiak handi» kantaren ekoizpen prozesua «auzolan erraldoia» izan dela goraipatu zuen. Horrez gain, Nafarroa Oinezeko mezua, abestiarekin ez ezik, letraren egilearekin eta musikarien bidez ere «irudikatu» nahi izan dutela azaldu zuen.
Bestalde, Joseba Sarrionandiak idatzitako letra «badugu-ez dugu» paradoxan oinarrituta dagoela azpimarratu zuen. «Zerbait lortzeko saiatu egin behar dela transmititu nahi du letrak, eta, era berean, ideia horrek txikiak handi mezuarekin ere bat egiten du. Txikia, gure ikastola, gure herria eta gure hizkuntza, euskara bera, bezala», amaitu zuen Gomezek.
Nafarroa Oinezeko abestiaren ekoizpen prozesu guztia «auzolanean» egin dela azpimarratu zuten euskararen aldeko jaialdi honetako arduradunek. Bertan, euskal musikagile, idazle eta artista ugarik parte hartu dute.