GARA > Idatzia > > Kultura

Imanol Urbietak ez du atsedenik hartzeko asmorik eta kantu zahar zein berriekin dator

p041_f01_148x100.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Erretiratua bai baina langabezian ez», esan zuen Imanol Urbietak jubilatu zen egunean eta halaxe jarraitzen du. Horren isla atzo ikusi zen Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Lagun eta haurrak ondoan zituela, bi liburu eta bi disko aurkeztu zituen zarauztarrak.

Alde batetik, azken hilabeteetan sortu dituen berrogei abestiz osatutako «Txanpirrin Pintxona» (Elkar). «Berrogei hauek jadanik sortuak zituen ehundik gora kantuetatik aukeratu behar izan ditugu. Beregatik balitz, guztiak kaleratuko genituzke», esan zuen Kontxi Aizarna, liburuen koordinatzaileak eta urte askoan Urbietak ondoan izan duenak. 0-3 urte bitarteko haurrei zuzenduta dagoen arren, gurasoek eta hezitzaileek ikasi eta haurrei eurek abestea gustatuko litzaiekeela adierazi zuten.

Bestetik, «Nire ibilbide pedagogikoa» (Elkar) liburuan, Urbietak urteetan zehar musika eta irakaskuntzari buruz izan dituen kezka eta ideiak bildu ditu. Bere biografia eta argitaratutako lanen bibliografiaz gain, jolasgintzako taktika, sormena, jolasmotrizitatea, erritmo hezkuntza edo musika-terapia bezalako gaiak jorratzen dira. Diskoan, berriz, Euskal Herriko haur gehienek abestu dituzten hogei kantu bildu ditu: «Mac Mikel», «Txoria nintzela», «Bakarrik eta libre», «Behin betiko»...

Imanol Urbieta, musika eta euskara beti egon dira oso lotuta. «Txikitatik kantuak asmatzen nituen. Bizikleta baten tinbrearekin ere erritmoa markatzen nuen. Musikari bat behar zen bakoitzean, niri atsegina egiten zitzaidanez, han joaten nintzen. Azkenean, gizartea izan da horretara bultzatu nauena», azaldu zuen.

Liburu hauetan ikus daitekeen bezala, Urbietarentzat musika ezinbestekoa da haurren heziketan: «Nik txikitan kontsolamendu handia topatu nuen musikan. Eskolan lehenengo, gero bandan... Pianoa jotzen nuenean ere konturatu nintzen neskak inguruan gustura egoten zirela». Eta berak bizitakoa ondorengoei erakustean ez du zalantzarik izan: «Nik umeekin beste gauzarik ez dut egin, musikaren bidez komunikatu, ipuinak, antzerkia... Beti saiatu izan naiz mugimendua sartzen: `Txiki txiki txikia' kantuan, adibidez, makurtu egiten dira denak. Ariketa guztiak kontaktua daukate pertsonen artean eta ondoan daukana laguna bihurtzen zaio haurrari».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo