GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Ezkerrik asko!

Gaur zortzi izan ziren hauteskundeek utzitako ikasgaien artean hauxe aipatuko nuke: funtsean boto-kontaketan antzekoak dira lehenengo eta hirugarren munduak, bigarrena zein den ez dakidala. Bai, egia da lehenengo munduan hautestontziei zigilua askatu eta handik ordu pare batera ematen direla emaitzak ia ehuneko ehunean; baina egia da ere hurrengo egunetan segitzen dela kontaketa, kontuak kontu, gau hartan ustez zuzena zena okertu eta okerra zuzendu beharrean, eta azkenean behin betiko emaitzak ematen direnean hainbat egun pasatu dira, hirugarren munduko hauteskundeetan emaitzok emateko hartzen ohi duten epea bera, edo bertsua hain zuzen. Ez, ez da erraza, ulertzekoa da, milaka datu, eta beste horrenbeste portzentaje, modu egokian arin batean tratatzea; arazoa ez da ordenadoreena, gizajoak!, ministerioko informatikoena da. Hainbeste denbora pasatu dute bazterreko tekla joaz milaka boto baliogabetuen zakura botatzen ezen oraingo honetan ez duten jakin botook zein zakutan sartu; are gehiago, ez dute gero jakin zer egin zakuarekin ere! Itzela da ministerioko ordenadoreen itzalaldia, nonbait zerrenda kontsekuente bat euren uhin mediatikoetan sartzen zainean eklipsatu egiten dizkie burua eta teklatuen aurreko atzamar sarea.

Eta hala suertatu da, kasu baterako, Iranen «posi» irabazi izana, alde handiaz gainera. Pozik egongo dira posikoak honezkero! Ez da txantxetakoa gero halako herrialde zabal batean nagusitu izana, are gehiago nuklearrak itxi behar direla programan letra larrian jarrita!. Hango orain arteko presidentea haserre azaldu da oso, prentsa-aurreko mahaia bera kolpe batez apurtzea izan liteke horren seinale, kontaketa-zentroetan bere ordezkariek sartzerik izan ez dutelako. Eta abisua eman du, ez da traidorea, beraz, Amerikako Estatu Batuetako hurrengo hauteskundeetara presentatzekoa dela, zerrenda propioaz, irabazi eta erregimen komunista ezartzeko asmotan, aurrekoetan Hego Dakotan lortu zituen milaka botoak itxaropentsutzat hartuta. Bai zera! jai dauka Irango momentuko presidenteak AEBko hauteskundeotara «posi» aurkeztuz gero! Tira, harira! Gaur zortzi izan zirenen emaitzak ikusita kontinente honetako ohiko ezkerra pandemiak jota dagoela argi geratu da, itzalalditik kanpo argi. Ezkerra eskuinari eskerrak emanez amaitu da, eskerdun. Eta jende jatorrak inoiz baino ozenago: ezkerrik asko! eskatuz, nonahi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo