GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Iñaki Gomez eta Imanol Karrera Xalbador euskaltegiko ikasleak

Udalak euskaltegia itxi nahi du!!

Hala eta guztiz ere, eta oztopoak oztopo, Xalbador euskaltegitik euskararekiko eta Antsoaingo herriarekiko duen konpromisoak tinko dirauela azpimarratu nahi dugu

Antsoaingo Udalak Xalbador Euskaltegia itxi nahi du, Antsoainen dagoen euskaltegi bakarra. Berriki, Antsoaingo Udalak euskaltegiaren kudeaketarako era berria erabaki zuen, eta horretarako «lizitazio publikoa» egitea deliberatu zuen. Erabakiak, de facto datorren ikasturterako Xalbador euskaltegiaren itxiera ekarriko du.

Lehenengo eta behin, esan beharrean gaude erabakia hartzeko modua ez dela, gure ustez, egokiena izan, zeren Antsoainen ia 30 urtez euskararen aldeko lanean ibili eta gero, ez baitugu gure iritzia plazaratzeko aukerarik izan. Gainera, aipatu lizitazioak jasotzen dituen baldintzek ez digute behar bezala lan egiteko posibilitaterik ematen eta Antsoaingo helduek euskara ikasi ahal izateko trabak ezartzen ditu.

Honek guztiak ekarri duen ondorioa lizitazioa hutsik gelditzea izan da, inork ez baitu proposamenik aurkeztu. Hori dela eta, datorren ikasturtean Antsoainen euskaltegirik ez egoteko arrisku bizia dago, dagoeneko Xalbador euskaltegiak ezin duelako lanean jarraitu; zeren, esan bezala, jarritako baldintzak muga gaindiezinak baitira.

Antsoainen euskararen ezagutzari dagokionez, aurrerapauso handiak eman baditugu ere, euskaraz ez dakiten pertsona asko dago eta argi dago, zerbitzu horren beharra oraindik ere badagoela.

Beraz, ez dago inongo arrazoirik orain arte Udalak Xalbador euskaltegiari eskaini dion lokala kentzeko eta egoitzarik gabe uzteko. Are gutxiago uler daiteke Udalaren asmoa, guztion artean bultzatu behar den nafarren hizkuntzaren ikasketa, eta, gure ustez, Administrazioek finantzatu beharko luketena, Udalari oso gastu txikia ekartzen diola jakinda.

Benetan ez dugu ulertzen, ia 30 urtez era desinteresatuan Xalbador euskaltegiak zerbitzu hau eman ondoren, zer dela eta gaur egun Udalak lizitazio bat zabaldu nahi duen toki fisiko baten inguruan. Zergatik kendu nahi dute egun dagoen Euskaltegia, Udalak zerbitzu hori edo euskaltegirik ez badu, alegia, alternatibarik ez badu?

Hortaz, ez gaude inondik inora ados Udalak hartu duen erabakiarekin. Euskararen zabalpenak guztion laguntza behar du eta ez oztopoak eta trabak jartzea. Guztion adostasuna eta babesa behar ditu, gure hizkuntza delako, nafar guztiona eta, ondorioz antsoaindar guztiona.

Honen guztiaren aurrean, Xalbador euskaltegitik dei egiten diogu Antsoaingo Udalari, are gehiago beronek izan dituen ondorioak ikusita, hartutako erabakia berraztertzeko, denon artean elkarrizketa prozesu bat zabaltzeko eta euskarak behar duen «kontsentsua» bilatzeko. Hori, eta ez besterik, baita elkarlanean segitzeko eta Antsoaingo helduek herrian euskara ikasteko eskubidea bermatzeko bide bakarra.

Hala eta guztiz ere, eta oztopoak oztopo, Xalbador euskaltegitik euskararekiko eta Antsoaingo herriarekiko duen konpromisoak tinko dirauela azpimarratu nahi dugu eta hemendik aurrera ere lanean jarraituko dugula Antsoaingo helduek herrian euskara ikasteko duten eskubidea bermatzearren, hori baita gure lana.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo