«Emankotasuna babestu nahi bada, ezin dira teknika agresiboak erabili»
Iker Mijangos biologoak «Nekazaritza jarduerek lurzoruaren osasunean duten eragina» tesia aurkeztu du Neiker-Teknaliarekin elkarlanean eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatearen zuzendaritzapean. Lurren osasuna eta produktibitatea eta ingurumenaren osasuna lotuta daudela azaltzen du.
Nerea GOTI |
Mijangosen tesiak nekazaritza teknika alternatiboak aztertzen ditu. Egun, nekazaritza lurrek bizi duten etengabeko degradazioa eta horrek ingurumenean eta gizarte arloan sortzen duen arazo larria kontuan hartuta, teknika berriak aztertu ditu nekazaritza eredu iraunkorragoak garatze aldera. Bide horretan, kare biziaren ordez kareharria erabiltzearen onurak azaltzen ditu tesiak, edota zizare kopurua lurzoruaren osasunaren adierazle gisa erabil daitekeela. Gainera, glisofato herbizidak lurzoruaren osasunean duen eragina ere neurtzen du aipaturiko azterketak. Orain kontua da lan horrek gure ustiapenetan zer aplikazio izango duen, hau da, gure baserritarrek zer zuzendu behar duten.
Nola azalduko zenizkioke baserritar bati zure ikerketaren emaitza hauek? Zertan aldatu beharko lituzkete gaurko praktikak?
Ez da lan erraza. Gure ikerlanaren lehenengo helburua lurzoruaren barnean gertatzen ari diren prozesu fisiko, kimiko eta batez ere biologikoak hobeto ulertzea da, hori lortzen dugun heinean izango baikara gero gai baserritarrei eta ingurumenarekin zerikusia duten eragile sozialei aholku tekniko zehatzak eta benetako laguntza eskaintzeko. Baina noski, ikerkuntzaren emaitzak erakutsi aurretik sinplifikatu eta «itzuli» egin behar dira, benetan ulergarriak eta erabilgarriak izan daitezen, eta horretarako denbora behar da.
Hala ere, zenbait emaitza nahiko erabilgarriak dira: adibidez, edonork ikus dezake bere ortuan zizareak dauden ala ez, eta hauek nekazaritza lurzorua `osasun onekoa' den seinale izan daitezke. Jadanik, AEBetako zenbait estatutan nekazariek `Health Cards' izeneko txartelak erabiltzen dituzte ortuen `osasuna' kontrolatzeko, eta horretarako lurzoruaren propietate biologiko batzuk hartzen dituzte kontuan.
Gure baserritarren ekoizteko sistema ingurumenarekin bat datorrela entzun dugu askotan. Horrela al da?
Azken belaunaldietan garatu diren nekazaritza praktika intentsiboek epe laburreko ekoizpena handitzea lortu dutela onartu behar da, baina egun badakigu epe luzeagoan eragindako kalteak lurzoruaren funtzionalitatea arriskuan jartzen dutela. Hau onartezina da, gure bizi iraupena lurzoruari lotuta baitago, elikaduratik hasita. Lurraren emankortasuna babestu nahi badugu, lurzoruaren egitura ahal den neurrian mantendu behar da eta horretarako laborantza teknikak ezin dira hain agresiboak izan. Bestalde, ongarri organikoen erabilpena bultzatu behar dugu, arrazoi ekologikoak bai eta ekonomikoak direla medio.
Ba al dakigu Euskal Herriko lurzoruen osasuna nolakoa den eta zertan aldatu behar duen?
Neurri batean bai. Baserrian, animalien simaurra lurra ongarritzeko erabiltzen da, eta horri esker haien bazka eta guretzako elikagaiak ekoizten dira, materia organikoaren zikloa bertan amaituz, ia kanpoko input-ik gabe. Gainera, produktuak baserrian bertan edo herriko plazan saltzen dira, eta ez dute milaka kilometro egin behar supermerkatura heltzeko, sarri ekoizpen konbentzionaleko produktuekin gertatzen den bezala. Baina kontuz, «baserritar» izatea ez da bakarrik baserrian bizitzea eta barazkiak ekoiztea, ingurumenaren ezagupenean eta errespetuan oinarritutako bizimodua da. Carlos Garbisu-k, nire zuzendariak, «baserri heart» deitzen dio honi.
Azterketen emaitzen artean, zein da garrantzitsuena?, edo beste era batera esanda, zein da, zure ustez, lehenbailehen abiatu beharko litzatekeen praktika?
Lan honen emaitzarik garrantzitsuena ziur asko adierazle mikrobiologikoen erabilpena da, lurzoruaren osasuna beste ikuspuntu batetik neurtzeko tresna berria. Orain arte gure herrialdean lurzoruaren propietate fisiko eta kimikoak erabili dira soilik, eta ez da kontuan hartu lurzoruaren funtzionamendua bertan bizi diren mikroorganismoen lanean oinarritzen dela, eta horregatik, hain justu, oso informazio esanguratsua eskaintzen dutela.
Aurrerantzean nekazaritza politika eta legeetan txertatu daitezen espero dugu, beste herrialdeetan jada egiten den bezala.
«Praktika intentsiboek ekoizpena handitzea lortu dute, baina egindako kalteak lurzoruaren funtzionalitatea arriskuan jartzen du»
«Baserritar izatea ez da bakarrik baserritik bizitzea eta barazkiak ekoiztea, ingurumenaren ezagupenean eta errespetuan oinarritutako bizimodua da»