Joseba Felix Tobar-Arbulu Ingeniaria
Ekonomialari klasikoak eta neoliberalismo berria
Ekonomialari klasikoek nahi zuten merkatuak beharrezkoak ez ziren gastuetatik aske izatea. Kasu, lur-jabe handiek errenta jasotzetik, nazioarteko bankuek interesak bereganatzetik eta monopolio-errentetatik (super «mozkinetatik») aske izatea. Helburua hauxe izan zen: merkatu-prezioak kostu-balioekin parekatzea -sozialki beharrezkoak ziren produkzio-kostuekin-. Hori dela-eta, errenta ekonomikoa zergapetu zen edo lurra nazionalizatu, azpiegitura ekonomiko batzuk arlo publikoan sartuz.
Efizientzia ekonomikoak prezioak sozialki kostu beharrezkoekin («balioekin») parekatu zituen, ondasuna kapital eraketara bideratuz, hazkunde ekonomikoa bultzatzeko. Inbertsioak eta mailegatzeak era «produktiboetara» zuzendu ziren, lan-indarra «produktiboki» enplegatua zen bitartean. Alegia, ondasunak eta zerbitzuak ekoiztu ziren, kapital eraketa berrian inbertitu ziren, mozkinak sortuz, ez izateko inolako rentier-klaserentzako bazka librea.
XIX. mendeko ekonomialariek (eta XX. mendeko haien zenbait jarraitzailek) nahi zuten gobernuek plangintza-egilearen rola izan zezatela, ekonomia erregulatzeko, beharrezkoak ez ziren produkzio-kostuak gutxituz, arlo publikoa hedatuz (garraio publikoa, hezkuntza, osasungintza, energia produkzioa eta banaketa, zenbait komunikabide eta oinarrizko ikerketa...) azpiegituretan inbertituz eta hazkunde ekonomikoa bultzatuz (gaurko neoliberalek hori guztia desegin nahi dute).
Hori dela-eta, Euskal Herrian egon zenean, Hudson-ek idatzitako zenbait galderari erantzun zuzenak eman zizkion. Hona hemen erantzun batzuen laburpenak.
Galdera. Marx-en plusbalioaren teoria. Zein mailataraino da balekoa gaur egun? Erantzuna. Gaur egun balekoa da, Marxen garaian izan zen bezala, ondokoa adierazteko: enplegatzaileek nola ateratzen dituzten mozkinak saltzen dituzten produktuetatik, inputak ordaintzeko gaineko prezioa altxatuz -inputen balioa azkenean lan-indarrari egotz dakioke-.
Hala ere, «Kapitala»ren III. liburukian (eta «Plusbalioaren Teoriak» izenekoan ere) Marxek beste dinamika bat adierazi zuen, ekonomia industrialaren enplegatzaile/enplegatu erlaziotik independentea. Finantza-kapitala autonomoki hazten da matematikazko lege hutsen bidez. Hazkunde esponentzialeko lege horiek -zorrak daraman interesaren bikoiztea eta birbikoiztea- kreditu eta zorra ahalbidetzen dituzte azkarrago hazteko, ekonomia industriala baino. Ondorioz, ekonomiaren zamek ekonomia industrialaren superabita jaten dute.
Marxen garaian aipatutakoak finantza-porrotak ekartzen zituen, zeintzuek zor globala ekonomiak zeukan ordaintzeko ahalmenarekin parekatzen baitzuten. Marx izan zen ekonomia industrialaren analisia sektore finantzarioaren dinamikarekin lotu zuen ekonomialari bakarretarikoa.
Baina Marx oso optimista zen bankugintzaren garapen historikoari buruz. Berak uste zuen finantza-arloa ekonomia industrialaren parte izango zela. Alta, ez da horrela gertatu. Dakigun bezala, ekonomia industriala finantza-sektoreak sakrifikatu du. Zerga-sistema eta antzeko legeak sektore finantzarioaren lobbysten menpe daude, ez kapital industrialaren zein lan-indarraren menpe.
Lan-indarra ustiatzeko era berri bat garatu du finantza-kapitalismoak. Lan-indarra ez da ustiatua forma marxtarrean, bera enplegatuz eta beraren produktua salduz, beraren `balioa' baino prezioa handiago batean, plusbalioa sortzeko. Ez. Orain lan-indarraren «aurrezkiekin» jokatzen dute. Horixe da lan-indarretik plusbalioa ateratzeko modu berria.
Beste alde batetik, Marxek epe luzerako zeukan perspektiba dela-eta, kapitalismo industriala ez da sozialismorantz hedatu, finantza-kapitalismorantz baizik. Horrela, oligarkia finantzarioa hedatu da nonahi.
Galdera. Lenin-en inperialismoaren teoria. Zein mailataraino da balekoa gaur egun?
Erantzuna. Lenin zuzen zegoen aipatu zuenean finantza-kapitala naziorik garatuenetan kontzentratuko zela. Baina Leninek korporazioko finantza-kapitalari begiratu zion, ez gobernuen arteko erreklamazioei eta zorrei, zeren 1917an horiek ez baitziren agertu.
Garai hartan, inor ez zen gai geroago ezagutu ditugun finantza-kapitalen ezaugarriak susmatzeko. Lehen Mundu Gerla eta gero hasi zenak bide luzea egin du gaurko egoerara iristeko: luzea eta korapilatsua, korapilatsua eta berria.
Nork aurreikusiko zukeen Yeltsin-en erreformek AEBetako diplomaziaren eta NMFaren ildo neoliberalen bitartez gauzatuko ziratekeela? Nork esango zukeen Europak bere ekonomia, austeritatearen izenean, bankarien menpe utziko zukeela?
Leninek uste zuen gobernuak klase kapitalistaren agenteak zirela. Baina Lehen Mundu Gerlaz geroztik gobernuen ordainketen eskariek orekaturiko merkatua deuseztatu zuten eta kapital pribatua pilatu. Gobernu-diplomazia bere kabuz ibiltzen hasi zen, autonomoki, bere dinamikarekin -bereziki AEBetako Gobernua, zeinak beste gobernuak menperatu zituen, protestarik gabe-.
Lenin ez zen gai mundu polobakar hori aurreikusteko, gaur egun oraindik ezagutzen dugun mundua. Leninen teoriak inplikatzen du ezen mundua soilik polo bateko balitz, ez legokeela lekurik inperialismo-gatazkarako, lehiaketa multipolarra egongo ez zelako. Bistakoa denez, horrek ez du esplikatzen gaur egungo Washingtongo Kontsentsua eta AEBekiko atzerritar gobernuen menekotasuna.
Galdera. Islatzen al ditu finantza-krisiak sistema kapitalistak behar duen kapitalaren kontzentrazioa, mozkin-tasaren jaitsiera-joeraren legearen ondorioa dena?
Erantzuna. Kapitalismo industrialean enplegatzaileen eta soldatapekoen interes desberdinen arteko gatazka zen funtsa. Interes ezberdin horiek eta gatazka hori gainditu ditu finantza-kapitalismoak, zeinak biak ustiatzen baititu. Finantza-kapitalismoa fenomeno independentea da, bere boterearen arabera funtzionatzen duena.
Mozkinen jaitsiera-tasa» ez da arazoa. Marxen ustez, horrek esan nahi zuen prezio-jaistearen goranzko tasa, ekonomiek gero eta kapital gehiago behar zutelako.
Izatez, gaur egunean ekonomiak ez dira kapital intentsibokoak. Kontua da ez dela izan inolako prezio-jaistea, interes-zama baizik, industria eta higiezin erreala zorrak eragindako arloak bilakatu diren heinean.
FIRE sektoreak kreditua eta inbertsioa alboratu ditu kapital eraketa berrien finantziazioan, jadanik eraturiko aktiboak saldu eta erosteko, kapital «irabaziak» lortzearren, lur-prezioak, akzioak eta bono-prezioak puztuz.
Lehengo «mozkinak» gaur egun errenta eta interesak dira. «Mozkin» horiek ez datoz lan-indarra enplegatzetik, sektore finantzariotik datozen «kapital irabaziak» eta monopolio-errentak dira. Hortaz, kapitalismo industrialaren mehatxua ez dagokio «mozkin-tasaren jaitsierari» (zentzu marxtarrean), baizik eta errenta ekonomikoaren estrakzioaren goranzko tasari, ekonomialari klasiko gehienek (Adam Smith, John Stuart Mill eta Henry George) ohartarazten zuten bezala.
Mehatxua sektore finantzarioa da, erregulazio publikoaren aurkako haren gatazka neoliberalarekin. Finantza-kapitalak gobernua baztertu (nahi) du planifikatzaile ekonomiko gisa. Horretarako, epe luzeko plangintzaren ordez, oso epe laburreko plangintza erabiltzen du, mozkinak ahalik eta lasterren bereganatzeko.
Polarizazio ekonomikoa ez doa Marxek deskribaturiko ildotik. Kontua da gaurko ekonomia neofeudalismoan eta zor-peontzan erortzen ari dela, indar planifikatzaile berriek bultzaturik.
Ikasiko ote dugu?