GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

«Banoa, baina taldearen inguruan jarraituko dut laguntzen»

p036_f01_43544.jpg

Manu MERIN

Aviron futbol taldeko presidentea

Manu Merin izan da Aviron futbol taldeko presidentea azken hogei urteetan. Ekainaren 30ean badoa, ordea; baina taldetik gertu jarraituko duela iragarri du, laguntzen. Berarekin, Aviron erabat amateurra izatetik, goi mailara heldu da, nahiz eta agintari lapurtarraren ametsetako bat talde zuri-urdina Lehen Mailan ikustea izango litzatekeen. Lortuko den itxaropenik ez du galtzen.

Jon LEUNDA |

Manu Merin, Avironeko presidenteak, hogei urte eta gero lehendakaritza uzteko erabakia hartu du. Hala ere, taldetik gertu jarraituko duela iragarri du.

Bazoaz, zergatik?

Arrazoiak bat baino gehiago izan dira. Hasteko, nuen nekea. Hemen hogei urte, eta beste bost gehiago Baionako talde txiki batean, urte asko dira, eta baneramatzan hau guztia pentsatzen urte pare bat. Gero, enpresa bat zuzentzen dut, eta horrek ere badu zerikusia. Azkenik, horrenbeste urte eta gero, taldean jende berria behar zela ikusten nuen, eta horixe egin dut.

Horrenbeste urte egon zaren lekuan egoteko, gauzak ongi egin dituzun seinale, ezta?

Bueno, ni behintzat gustura geratu naiz. Lehen taldea N1 Mailan dago, eta bigarrena CFA2n. Hortik beherako guztiak Estatu frantseseko mailarik gorenean daude. Diru aldetik ere ongi amaitu dugu, irabazi txiki batzuk izan ditugu. Pasa den astean joan ginen Federaziora gure kontuak aurkeztera, eta zoriondu egin gintuzten, talde askoren egoera penagarria baita.

Kontuan hartuta, Bigarren B baino maila hobea dela zuen N1, une honetan Euskal Herriko bost talderik onenen artean zaudete.

Bai, horrela da. Orain dela gutxi UEFAko finala jokatu zuen Alavesek, eta orain haren gainetik egon gaitezke, baina futbola honelakoa da, edozein deskuidu garesti ordaintzen da. Oso gustura egoteko moduan gaude, gauden lekuan egonda. Akitanian bertan ere, Girondins da gure gainetik dagoen bakarra. Hortxe daude bi arrazoi hemengo instituzioek ematen digutena baino laguntza gehiago emateko.

Kanpotik begiratuta ematen du horko instituzioek futbolari lagunduta errugbia kaltetuko ote duten beldurra direla. Horrela al da?

Bai, bai. Errugbiak beti izan du hemen tradizio handia, baina futbola leku guztietan da herrikoia. Hemen ere, errugbiak baino lizentzia gehiago izaten ditu beti. Beldur hori hor dute, baina uste dut futbolak lortu dezakeela egon behar duen leku hori. Hala ere, talde honek izena egiten jarraitzen du, eta hori nabaritu dugu. Aurten guri diru-laguntza gutxiago ematea pentsatuta zeuden, baina azkenean lehengoan geratuko da.

Klubean 500 lizentziatik gora dituzue, eta 23 talde, eta lehen taldea N1 Mailan. Guzti hori aurrera eramateko mirariak egin beharko zenituzten, ezta?

Bai, baina denen artean egin dugu. Avironen jendea gustura dago, eta hori nabaritzen da. Bai entrenatzaileekin, jokalariekin, denen artean egiten dugu aurrera. Lortzen dugun dirua ongi zainduz, azkenean emaitzak lortzen dira, eta oso pozik gaude.

Zure beste helburuetako bat Hegoaldeko eta Iparraldeko futbola batzea izan da. Iparraldetik Hegoaldera ugari etorri dira, baina alderantzizkoa asko kostatzen ari da. Zergatik?

Nik garbi nuen, batasun hori egin behar zela. Ez zuen zentzurik hemen mutiko onak atera eta etxetik oso urrutira bidaltzea, hemen alboan talde handiak izanda. Alde horretatik ongi bideratu dugu. Gure nahia Hegoaldetik honantz ere ekartzea izango zen, baina zoritxarrez, Hegoaldean Iparraldeari buruz hitz egiten bada ere, hemengo berri oso gutxi dutela ikusi dugu, eta horren ondoriotako bat da hau. Gero, hizkuntzaren kontua ere hor dago, baina uste dut apurka-apurka joango dela guztia normalizatzen.

Horrenbeste urte eta gero, zerekin geratuko zinateke?

Gauza askorekin, baina batez ere igoerekin, asko izan baitira. Gero, orain dela bost urte Kopan Parisen, PSGren aurka jokatu genuen partida hura ere ez zait ahaztuko. Ia 10.000 lagun joan ziren hemendik, une zoragarria izan zen hura ere. Ez Baionan, ez Donostian jokatzen ez ziguten utzi, eta Parisen jokatu behar izan genuen.

Orduan ausarta izan zinen. Baionan jokatzen utzi ez zizutenean, Donostian jokatu nahi izan zenuen, baina Pauen edo Bordelen jokatzera behartu nahi zintuzten, eta zuk Euskal Herrian ez bazen Parisen jokatuko zenutela esan zenuen, baita egin ere.

Bai, eta gaur ere gauza bera egingo nuke. Orduan, batez ere Bordelera eraman nahi gintuzten eta hortik etorri zen dena. Niretzat ez zeukan zentzurik han jokatzeak. Realarekin beti harreman bikaina izan dugu, Donostia Baionatik oren erdira dago, eta Anoeta bete egingo genuen. Bordelen, berriz, Girondinsekin ez geneukan inongo harremanik, eta hemengo jendearentzat, gainera, hura oso urruti dago. Nik uste dut egin beharrekoa egin genuela. Orain errugbian, ikusten dut Biarritz Donostian jokatzen, eta badirudi Avironek ere nahi duela. Horrek gerorako guri ere mesede egingo digula uste dut.

Ikusten ahal duzu taldea Bigarren edo Lehen Mailan?

Uste dut lortu daitekeela. Talde apalak ere igotzen dira. Begira, aurten, Arles igo da Bigarren Mailara, eta aurrekontua guk baino zertxobait handiagoa baino ez zuen. Behin Bigarren Mailara igota, telebistako eskubideengatik, bost milioi euro jasotzen dira, eta horiek ongi gobernatzen jakinez gero, gauza asko egin daitezke. Une honetan helburu horietatik gertu gabiltza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo