Mendi lasterketak | Lehiak
Euskal selekzioa, emaitza ezin bikainagoak Espainiako Txapelketan
Gogotsu eta indartsu hasi da Euskal Mendizale Federazioak osatutako mendi lasterketen taldea. FEDMEko hitzordu nagusian Oihana Kortazarrek zein selekzioak berak irabazi dute. Mutiletan, bi podium lortu dituzte.
Andoni ARABAOLAZA
Mendi lasterketen denboraldi «ero» honetan, dagoeneko makina bat proba jokatu dira. Ohi den legez, Euskal Mendizale Federazioak taldea eratu du, euskal selekzioa, eta, aitortu behar da, zirkuitu ofizialean bederen, oso emaitza bikainak erdiesten ari dela.
Gaizka Itza eta Kepa Larrearen agindupean, hamaika korrikalarik hasi dute euren jarduna. Zortzi mutil dira: Felipe Larrazabal, Fernando Etxegarai, Javi Olabarria, Josu Bengoetxea, Jokin Lizeaga, Txus Romon, Arkaitz Zamakona eta Walter Becerra. Eta hiru neska: Alizia Romero, Oihana Azkorbebeitia eta Ohiana Kortazar.
Aurretik, euskal selekzioak denboraldi betea dauka, eta, haren gidariek baieztatu dutenez, oso helburu zehatzak dituzte: iazko emaitzarik onenak berdindu edo gainditu. Gogora dezagun, besteak beste, Espainiako Kopan, mutiletan, irabazi egin zutela eta nesketan hirugarren postua erdietsi. Espainiako Txapelketan, berriz, bigarren postua lortu zuten. Eta Europako Txapelketan, selekzioen mailan, irabazi zuten.
Aurtengo denboraldian, jakina, Euskal Herriko proba ofizialetan gogor aritzeaz gain, FEDMEkoan zein Munduko Kopan postu onak lortzea dute xede. Oraingoz, lasai asko esan daiteke helburu batzuk gainditu dituztela. Horren isla dugu, pasan den 13an jokatutako Espainiako Txapelketa. Emaitza ezin hobeak egin zituzten: Oihana Kortazarrek irabazi zuen; Fernando Etxegarai eta Jokin Lizeaga bigarren eta hirugarren izan ziren; eta, taldeka, euskal selekzioa podiumaren goiko aldera igo zen.
Kortazar indartsu
Espainiako Txapelketa Castelloko Plana Baixa eskualdean jokatu zen; hain zuzen ere, Serra d´Espada natur parkean. Probak, berez, Volta al Terme de Fondeguilla du izena, eta 28 ekitaldi bete ditu dagoeneko. Horrela bada, lasterketa hau Estatu espainoleko zaharrenetarikoa da. Eta, zergatik ez, gogorrenetarikoa. Izan ere, lasterkariek 34.5 kilometroko ibilbideari eta 2.470 metroko desnibelari egin behar izan zieten aurre.
Eguraldia lagun izan zuten, hots, ez zuen euririk egin; bai, ordea, bero galanta. Horrek, jakina, ez zuen batere lagundu lasterkarien jarduna, baina, euskal ordezkariek erakutsi zuten hitzordu garrantzitsu horretara sasoiko iritsi zirela.
Nesken lasterketari dagokionez, Oihana Kortazarrek ezusteko handia eman zuen. Jakin badakigu hemengo lehen hitzorduetan oso ondo aritu dela, eta proba batzuk irabazi dituela. Baina, hala ere, kontuan hartu behar da Kortazar hasiberria dela eta ez duela egundoko eskarmenturik. Espainiako Kopako lehen proban, adibidez, bosgarren geratu zen. Espainiako Txapelketa, berriz, irabazi du.
Mutilen mailan gertatu den bezala, nesketan ere hutsune edo «istripu» garrantzitsu bat izan zen: Kataluniako selekzioa desagertuta ibili zen.
Irteera eman bezain laster, euskal korrikalaria tropelaren buru jarri zen, eta, pixkaka-pixkaka, bere lehiakideak atzean utzi zituen. Hitz batean esanda, Kortazarrek proba osoa goitik behera menderatu zuen. FEDMEko zirkuituan lehen urtea izateko, ezusteko handia eman zuen.
Helmuga puntuan lehena izan zen 4.15.11 denborarekin. Bigarren sailkatua, Blanca Maria Serrano (Andaluzia), 10 minutura helmugaratu zen, eta hirugarrena, Nuria Dominguez (Gaztela-Leon), 17 minutura. Oihana Azkorbebetia laugarrena izan zen.
Mutiletan, bestalde, azken hiru urteotako irabazlea, Raul Garcia, berriro ere onena izan zen. Gaztela eta Leongo lasterkari honek aise irabazi zuen. Garciaren denbora 3.24.27 izan zen. Fernando Etxegarai bigarren postuan sailkatu zen, irabazlearengandik 2 minutura. Eta pixka bat beranduago, Jokin Lizeaga iritsi zen. Beraz, bi euskal ordezkari lehen hiru postuetan.
EMFko korrikalariek eginiko lanari esker, euskal selekzioak puntu gehien jaso zituen; eta horren ondorioz, irabazi egin zuen. Puntuetan nahiko alde handia aterata, bigarren postua Andaluziako selekzioarentzat izan zen eta hirugarrena Gaztela eta Leongo selekzioarentzat.