KRONIKA | Araba Euskaraz jaialdia
Euskaltzaletasuna lau haizetara oihukatu dute milaka lagunek Oionen
Oion herrian atzo ospatutako Araba Euskaraz jaialdiak arrakasta nabaria izan zuen. Euskal Herriko bazter guztietatik iritsitako milaka lagun izan ziren Arabako Errioxako herri horretan, euskararen erabilerari sostengua eta bultzada emanez. Guztiei esker, giro aparta izan zen bertan.
Asier VELEZ DE MENDIZABAL
Atzoko egunean izan zen eguraldi epel eta eguzkitsuak lagunduta, milaka lagun inguratu ziren atzo Oionera, San Bizente ikastolari sostengua eman eta euskaltzaletasuna lau haizetara aldarrikatzeko. Euskararen aldeko jaialdi bikaina izan zen atzokoa, horretarako beharrezkoak diren elementu guztiak izan zituelako: eguraldi ona, giro euskaldun paregabea, adin guztietako bisitarientzako ekitaldiak eta ongi pasatzeko gogoa. Arrakasta beraz, ziurtaturik.
Herria lau gunetan zatitu zuen ibilbidea jendez gainezka ageri zen eguerdi aldera. Adin guztietakoak ziren: seme-alabekin batera zebiltzan gurasoak, parrandarako gogoa nabari zitzaien nerabeak, gazteak, adinduak... Guztiek izan zuten beren tartea atzo Oionen. Aparkalekuak zaintzen zebiltzan antolatzaileak lanez gainezka zeuden, iristen ziren auto ilarak nora bidali ez zekitela. «Eguraldi onak jendea animatu du, eta goizean ibilgailu eta autobus pila bat iritsi dira. Aurreikusita genuena baino bisitari gehiago etorri direla esango nuke», azaldu zuen antolatzaileetako batek.
Eguerdiko hamabiak aldera, Roberto Saez Gasteizko bizilaguna ibilbideko hirugarren gunean zebilen, alaba txikia kotxetxoan zeramala. Emaztea berriz, beste semearekin zegoen, haurrentzako jolasak zirela-eta alde batetik bestera. «Urtero etortzen gara eta oraingoan ere ez dugu festa galdu nahi izan. Gainera, eguraldia horrelako ekitaldi baterako oso aproposa atera da, ez baitu bero itogarri hori egiten. Bazkalordurako etxean izango gara, haurrak oso txikiak baitira», azaldu zuen. Laugarren gunean botila eskuan zebiltzan nerabeek, berriz, bestelako asmoak zeuzkaten. «Gu azken ordura arte ibiliko gara hemendik. Bihar ez daukagu klaserik eta ez dugu etxera itzultzeko inolako presarik», esan zuten.
Ekitaldi nagusia
Oiongo San Bizente ikastolak euskararen aldeko jaialdia antolatzen duen laugarren aldia izan da atzokoa. Hain zuzen ere, 1984ko, 1997ko eta 2003ko edizioen ostean, aurtengoan zentroak haur-eskola handitzeko eta erabilera anitzetako areto bat eraikitzeko behar zuen dirua. «Hamarkadetako lanaren ondoren, azkenean Araba Euskaraz jaialdia guztiok egutegian markatuta daukagun eguna izatea lortu dugu, eta hori goraipatzeko zerbait da», adierazi zion GARAri Arantxa Sobrino jaialdiaren koordinatzaileak.
Ikastolak martxan daraman 31 urteetatik, 20 egin ditu Arantxak zentroan irakasle lanean. Urte horietan guztietan herrian euskarak izan duen bilakaera azaldu zuen. «Pixkaka-pixkaka Oiongo biztanleak euskalduntzen joan gara. Ikastolako lehenengo urteetan izan genituen haurrak helduak dira orain, eta herriko edozein taberna zein saltokira sartzean, euskaraz egin dezakezu edonorekin» azpimarratu zuen irakasleak, baina dena den, oraindik ere helburu bat betetzeko dagoela ohartarazi zuen, «euskara kalera ateratzea», alegia.
Atzokoan, Arabako Errioxan euskararen alde lan egiten duen Ttiki-ttaka elkartea, Abel Enbeita bertsolaria eta Luis Mari Bengoa, Arabako Herri Kirolen Federazioko kide eta bertsolaria omendu zituzten. Ekitaldi hunkigarri eta zirraragarria izan zen. Omendutako bakoitzak opari bat, jaialdiaren lekukoaren erreplika eta ikastolako haurrek ematen zieten haziz beteriko zakutxo bat jaso zuten. Hazi horiek emateak bazuen sinbolismorik: «Euskararen ezagutza eta erabilera ereiten jarrai dezazuen».
Baina dudarik gabe, ekitaldiko unerik dibertigarriena Inaxio eta Iñaki Perurenak jarri zuten Bengoari saria emateko agertokira igo zirenean. Ehun kiloko harri batekin azaldu, eta harekin alde batetik bestera pasatzen ibili ziren aita eta semea. Ikusleen txalo beroak jaso zituzten. Horren ostean, San Bizente ikastolako lehendakari eta zuzendariak Aguraingo Lautada ikastolako ordezkariei pasa zieten jaialdiaren lekukoa.
Lautada ikastolak hilabete batzuk bakarrik daramatza martxan, orain arte zentroa B eredukoa izan baita. Hala, 2010eko Araba Euskaraz festa antolatzean, proiektu hori aurrera eraman ahal izateko diru-iturriak lortzea espero dute. Ikastolako zuzendariak aurreratu zuen prestakuntza lanak beren gain hartzea «lan gogorra» izango dela, baina ilusio handiarekin daudela nabarmendu zuen.
Arantxa Sobrinoren hitzetan, omenaldiarekin, Araban euskararen alde lan egiten duten pertsona guztiak omendu nahi izan zituzten, «azken batean, denok osatu behar baitugu euskararen puzzlea».
Isabel Celaaren hitzak
Ibilaldian ez bezala, atzo Lakuako Hezkuntza sailburu Isabel Celaa Oionera bertaratu zen Araba Euskaraz jaialdian parte hartzeko. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko beste hainbat goi kargu bezala, Celaa jaialdiaren irekiera ekitaldian izan zen, eta bertan adierazpenak egin zituen. Hala ere, ikastolek euskararen ezagutza eta erabileraren alde egiten duten lana goraipatu beharrean, bere diskurtso gehiena iragan ostiralean Arrigorriagan izandako atentatua gaitzestera bideratu zuen.
Zentzu horretan, Eduardo Antonio Puelles polizia espainolaren heriotzak «festa egun honetan poza erabatekoa izatea galarazi» duela adierazi zuen Hezkuntza sailburuak. Hala, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ikasgeletan «ETAren biktimekiko enpatia eta elkartasuna arnas dadila» eskatu zuen.