GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Zazpiak Bat Auzolanean, lehen urratsa

Oiartzunen eta Lezon Atharratzeko ikastolari laguntzeko jaialdia egin zuten atzo, bi udalek eta hainbat herri eragilek antolatuta. Hirurogei lagun etorri ziren Zuberoatik: dantzariak, musikariak, kantariak eta ikastolako kideak, eta elkarlanaren lehenbiziko urratsa eman zuten.
p021_f03_249x108.jpg

Maider IANTZI |

Bidasoaren bi aldeetan harremanak sortzeko eta batak bestearen egoera ezagutzeko asmoz, Zazpiak Bat Auzolanean besta egin zuten Lezon eta Oiartzunen Atharratzetik etorritako lagunekin. Parte-hartzaileek elkarlanaren lehenbiziko urratsa izan zela nabarmendu zuten.

Haritz Salaberria Lezoko alkateak GARAri adierazi zionez, ekimena Nazio Eztabaidagunearekin elkarlanean egin zuten, beraiek azaldu zieten Basaburua ikastolaren beharra eta orduan Lezoko eta Oiartzungo udalek hitzarmen bat egin zuten. Helburua ez zen proiektua diruz laguntzea bakarrik, baizik eta Gipuzkoako bi herri horien eta Zuberoaren arteko elkarlana abian jartzea eta elkar ezagutzea. Atzoko besta auzolanaren lehenengo pausoa izan zen.

«Guk nahiko genukeena da elkarlan honek segida izatea, beste udalak animatzea eta hurrengo urtean beste udal bat izatea beste behar bati erantzuten diona, azkenean ikusten dugulako nazio eraikuntzan ekimen praktikoak, txikiak ala handiak izan, beharrezkoak direla eta hau horietako bat izango litzateke», agertu zuen Salaberriak. Atzokoa ez zen soilik udalen ekimena izan, eguna antolatzeko auzolana egin zuten Lezoko, Oiartzungo eta Errenteriako hamaika elkarterekin. «Hor ikusten da denen artean egin daitekeela. Agian udalei badagokie lehenengo pausoa ematea, baina gero lana denon artean egin behar dugu. Berdin Basaburua ikastolaren inguruan ere, bertatik hainbat dantzari, musikari eta kantari etorri da, jende ugari aritu da lanean, herriak antolatutako ekimena izan da».

Ikastolak izan ziren jaia antolatzen lagundu zutenetako batzuk. Sorkunde Lekuona Oiartzungo ikastolako zuzendariak kontatu zigunez, beraiek arduratu ziren bazkaria antolatzeaz. 400 pertsonarentzako mahaia prestatu zuten Haurtzaron guraso, irakasle eta ikasleek.

Ikasle kopuru bikoitza

Karine Chimix Atharratzeko ikastolako irakaslea, eta Monique Bocchi, elkartearen lehendakaria, kontent ziren egin zieten harrerarekin eta sinatutako akordioarekin. «Guretzat oso inportantea zen aurten horrelako apustu bat egitea, lokalez aldatu baikenuen eta diru arazoak baikenituen. Ikasle kopurua bikoiztu egin da: 21 ikasle ditugu», azaldu zuten. Lezoko eta Oiartzungo ordezkaritza bat Zuberoara gonbidatzea pentsatu dutela jakinarazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo