GARA > Idatzia > > Kultura

«800 urte, 800 aldarte» izeneko antzezlanaren estreinaldi arrakastatsua Mutrikun

Larunbatean 100 pertsona inguru igo ziren Mutrikuko enparantzan prestatutako agertoki ikusgarrira, herriaren historia azaldu zutelarik Arantza Ugartek idatzi eta zuzendutako antzezlanaren bidez.

Unai BELAUSTEGI | MUTRIKU

«Mutriku noizkua da? Noizkua Mutriku? Askok ez dakigu...». Hitz hauekin eman zioten hasiera larunbatean Mutrikun estreinatu zen antzezlanari. Arantxa Ugartek idatzi eta zuzendua, herriaren azken 800 urteetako historia errepasatu zen bertan. Denboran jauziak emanez, modu erraz eta ulergarri batean mutrikuarrei euren arbasoen iragana azaldu zieten.

Horretarako, herriaren historia luzean bizitako unerik edo pasarterik garrantzitsuenak hiru zati nagusitan banatu zituen Ugartek. Hala, hasiera gisa, herriaren jatorri ezezagunaz bertso batzuk abestu ziren, eta ondoren, 1209eko hiri-gutunak Astigarribian eta mutrikuarrengan izandako eraginarekin egin zuen aurrera.

Zergak zirela eta ez zirela, erregeak bidalitako gutunak nahasmendua sortu omen zuen garaiko mutrikuar haien artean. Antzezlanaren bigarren zatian, Mutrikuk itsasoarekin izan duen harremana goraipatuz, garai batean hain ohikoa zen bale arrantzaren gorabeherak antzeztu zituzten. Talaiari kaska-zuriak bistatutako balearen atzetik abiatu ziren arrantzaleak, eta ondoren, ia 40 lagun agertokira igota, balea lehorrera ekartzeko lanak irudikatu zituzten.

Bale arrantzarekin batera, Mutrikun izandako suteak ere gogorarazi zituzten. Besteak beste, 1553. urtean 600 etxe erre zituen haren inguruan lehenengo pertsonan egindako kontaketa hunkigarria nabarmendu zen.

Azken zatia, 1803an eraikitzen hasi ziren Jasokundearen elizaren lehendabiziko harriaren gainean Kosme Damian Txurrukak botatako diskurtsoarekin abiatu zen.

Gero, antzerki osoan zehar eszenen arteko tarteei ahotsa jartzen zien kontalariak azken berrehun urteak errepasatu zituen: Ondarroa eta Debarekiko harremanak, Saturrarango bainu-etxera etorritako jende diruduna eta Gerra Zibilean Saturraranen egondako emakumeen kartzela hizpide hartuta.

Hau guztia posible egiteko, herriko plaza nagusian ezin hobeto prestatu zuten agertokia. Jasokundearen elizaren oinetan, eskailerak eta ataria agertokiaren luzapen bihurtu ziren eta antzezleak gora eta behera ibili ziren bertan. Guztira 100 pertsona inguru.

Aipamen berezia jaso zuen azken lau hilabeteetan pertsonaia bakoitzaren irudia prestatzeaz arduratu den lan taldeak, historiako momentu bakoitzari oso ongi zetorkion janzkera eta itxura aukeratzeko gaitasuna erakutsi baitzuten.

Antzezlanari «Ene Mutriku Maitia» abestuz eman zioten bukaera.

Enparantza goraino bete zuten mutrikuarrek txalo zaparrada artean agurtu zituzten emanaldian parte hartu zuten guztiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo