GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Sokatira Euskal Herrikoa

Goiherrik eragozpenik gabe jantzi du bigarren txapela

Bizkaitarrek 640 kilotako azkeneko jardunaldia ere irabazi egin dute.

p040_f01_70743.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ez zen ezusterik izan atzo Maeztun, eta Goiherrik irabazi zuen 640 kilotako azkeneko jardunaldia, baita pisu horretako txapela ere. Bi pisutan amaitu da jadanik Euskal Herriko Txapelketa, eta bietan talde berak jantzi du txapela.

Orain artekoa ikusita, eta gauzak zeuden moduan, ezinezkoa zirudien Goiherriri txapelak ihes egitea, eta horrelaxe izan zen. Bizkaitarrak berriro ere onenak izan ziren, eta aparteko arazorik gabe irabazi zuen azkeneko jardunaldia ere. Bigarren postua ere nahiko garbi zegoen. Orain arteko saio guztietan Gaztedik amaitu zuen postu horretan, eta berriro ere Laukizkoek hortxe amaitu zuten, eta zilarrezko domina kolkoratuta amaitu zuten txapelketa.

Lehia hirugarren posturako iragartzen zen. Ordura arte nahiko parean agertu ziren Mutriku eta Areso, baina gipuzkoarrak aurretik zirela, eta azkeneko jardunaldian ere horrelaxe gertatu zen, eta Mutrikuk sailkapen nagusiko hirugarren postuan amaitu zuen, eta Aresok, berriz, laugarrengoan.

Hortik atzera ere, gauzak bere horretan jarraitu zuten. Goiherri B izan baitzen azken-aurren eta Getxo azken. Sailkapen nagusia, honela geratzen da: lehenengo, Goiherri, 18 punturekin; bigarren, Gaztedi, 15ekin; hirugarren, Mutriku, 11,5 punturekin; laugarren, Areso, 9,5ekin; bosgarren, Goiherri B, 5ekin, eta azkena Getxo, 4rekin.

600ekoa

640 kilotako lehiaketa amaituta, datorren larunbatean abiatuko da 600 kilotakoa. Billelan jokatuko da lehen saioa, eta hemen ere hiru jardunalditako ligaxka izango da. Gainerako pisuetako talde berak izango dira, eta berriro ere Goiherri izango da faborito nagusia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo